Basazabaletik behatu dituzte izarrak

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 3a, 12:55
Planisferioak erabili zituzten atzo Basazabalen izarrak behatzeko. (Azpeitiko Udala)

Ikusmina piztu du Gabonetako ekintzen barruan antolatutako hitzorduak. Izarraizko Atean ezin izan dute egin, baina Aranzadikoek gidatutako saioa adi jarraitu dute hainbat haur eta gurasok.

Aurrera jarraitzen dute udalak Kulturazekin elkarlanean antolatutako Gabonetako ekintzek. Atzo, Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta, izarrak behatzeko saioan parte hartu zuten hainbat haur eta gurasok. Ikusmina piztu duen ekintza izan da hori; aurrez eman behar zen izena, eta ezarritako kopurua baino dezentez jende gehiago apuntatu zenez, zozketa bidez aukeratu behar izan zituzten parte hartzaileak.

Hasierako asmoa zen izarren behaketa Izarraizko Atea parketik egitea, baina duela egun batzuk aldatu zuten plana antolatzaileek, eguraldiaren iragarpena ez zelako ona. Hala ere, saioa moldatu eta Basazabal jauregira lekualdatzea erabaki zuten; hantxe elkartu ziren parte hartzaileak atzo arratsaldean.

Gaur, berriz, Soreasu antzokian izango da Gabonetako ekintzen barruko hitzordua. Kantu Kolorek Esna zaitez ikuskizuna emango du han, 17:30ean.

Izarrak behatzeko saioaren une bat. (Azpeitiko Udala)