Laien sortu dute, Lapatxen trantsizio ekologikorako ingurumen eragile berria

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 14:52
Lapatx zabortegiaren irudi bat. (Laien)

Urola Erdiko Lapatx zabortegia itxi ostean, eremuaren kudeaketa daraman enpresa ere eraldaketa prozesu bat ari da gauzatzen. Hain justu, eraldaketa horren barruan sortu dute Laien. Ingurumena eta energia ingurumen eragilea. Eragile horren asmoa da Lapatxen azken urteotan gauzatu duten eraldaketarekin jarraitzea. Lapatx bi zatitan banatuta dago: zabortegi zaharra eta zabortegi berria. Zaharra dagoeneko zigilatuta dago, eta datorren urtean hasiko dira berria zigilatzeko lanekin.

Lapatx zabortegiaren trantsizio ekologikorako ingurumen eragile berria sortu dute: Laien. Ingurumena eta energia. 30 urtez zaborrak jaso ostean, 2016. urteko abenduan itxi zuten Lapatx zabortegia. Eremuaren kudeaketa daraman enpresak adierazi du eremua "etengabeko eraldaketa prozesuan" dagoela; izan ere, gune horretan zaborra lurperatzeari utzi bazioten ere, eremuak ez ditu amaitu oraindik zereginak. Etorkizuneko erronkak identifikatzeko eta ekonomia zirkularra nahiz energia oinarri dituen "trantsizio ekologikorako eragile" bihurtu nahi dute Lapatx eremua, "eskualdeari zerbitzua ematen jarraitzea" baita Laien eragileak duen asmoa.

Ingurumen eragileak plan estrategiko berria ondu du etorkizunerako dituzten erronkak eta eraldaketa oinarri hartuta. Hala, datozen urteetarako bide-orria zehaztu dute, bertan hainbat puntu jasoz. Puntu garrantzitsuenen artean daude, besteak beste, klima aldaketari aurre egitea, jasangarritasuna zein ekonomia zirkularra bultzatzea eta trantsizio energetikorako proiektuak garatzea. Gauzatu duten bide-orria Ingurumen Baimen Integratuak eskatzen dituen "betebeharrak atzean utzi gabe" gauzatuko dutela adierazi du Laienek.

Eragileak lau helburu estrategiko dituela jakinarazi du ohar bidez. Batetik, "eskualdeari zerbitzua ematen" jarraituko dutela nabarmendu dute, Urola Erdiko herrientzat, herritarrentzat eta mankomunitatearentzat jarduerak antolatuz. Ingurumen interesa, interes soziala edo interes ekonomikoa izan dezaketen ekintzak "beste eragileekin elkarlanean" antolatzea da Laienen asmoa. Era berean, energia trantsizioa bultzatuko dutela nabarmendu dute; izan ere, eragilearen asmoa da Lapatxeko energia eta espazio baliabideak "energia trantsiziorako instalazio jasangarri" bihurtzea. Modu horretan, menpekotasun energetikoarekin bukatzea, kutsadura gutxitzea eta kostuak murriztea lortu nahi dute.

Ekonomia zirkularra bultzatuko dutela ere adierazi dute, hondakinen balorizazioa sustatuz. "Ekonomia zirkularraren eredua sustatzeko helburuz, eta ingurumen inpaktua minimizatzeko nahiz kostuak optimizatzeko, hondakinen biltegiratzeko eta tratatzeko jarduerak egitea da asmoa". Dena den, zabortegiaren zigilatzearekin ere jarraituko dute, Laienek izango baitu hura zigilatzen jarraitzeko ardura. 

Zigilatzea, aurrera

Duela sei urte utzi zion zabortegiak zaborra jasotzeari, eta orduz geroztik, Lapatx zigilatzeko lanetan ari dira. Lapatxek 90.000 metro koadro ditu bi zatitan banatuta: zabortegi zaharra eta zabortegi berria. Zabortegi zaharrean, 1988. urtetik 2000. urtera arteko zaborrak daude pilatuta. Zati hori zigilatuta dute, baina 30 urtez jarraipena egin beharko diote eremuari. Halaber, Laienek adierazi du berritutako ardatzetan eta oinarrietan "lanean hasita" daudela dagoeneko. Izan ere, energia berriztagarriak ezartzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko instalazioak prestatzen ari dira zigilatutako zabortegian.

Zabortegi berrian, bestalde, 2000. urtetik 2016ra bitartean jasotako zaborra dago. 60.000 metro koadroko "lurra egonkortzeko zainketan denbora bat" igaro ostean, 2023. urtean hasiko dira hura zigilatzen. Ingurumen eragileak adierazi du "legeak agindu bezala faseka" egingo dute zigilatzea zabortegi berrian. "Hiru edo lau urtean zigilatuta egongo da, eta ekonomia zirkularra eta energia trantsizioa bultzatzeko gunea izatea aurreikusten da".