Ireki dute haurrentzako eta gaztetxoentzako Gabon parkea

Anartz Izagirre 2022ko abe. 27a, 21:07

Gaurtik hilaren 30era bitartean egongo da zabalik Gabon parkea, bi egunak barne, eta hiru txanda zehaztu dituzte egun bakoitzeko. Dagoeneko itxita dago online salmenta.

Gabonek aurrera jarraitzen dute, eta aisialdirako hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udalak herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat. Tartean, Gabon parkea jarri dute Izarraitz pilotalekuan; gaur zabaldu dute, eta abenduaren 30a bitartean egongo da irekita, egun hori barne.

Arratsaldez egongo da irekita Gabon parkea, eta ordu eta erdiko hiru txanda zehaztu dituzte egun bakoitzerako: 15:30ean, 17:00etan eta 18:30ean. Modu horretan, parkera sartzen direnek ez dute zain egon beharrik izango jolasetan ibiltzeko.

Udalak jakinarazi duenez, haurrek bakarrik erosi beharko dute parkerako sarrera; hau da, helduak txartelik gabe sartu ahal izango dira parkera. Era berean, adierazi dute 0 eta 3 urte arteko haurrek ez dutela aurrez sarrerarik hartu beharrik izango, eta aniztasun txartela dutenak ere txandara joan eta bertan ordainduta sartu ahal izango direla parkera.

Dagoeneko itxita dago online salmenta.