Dagoeneko eros daitezke Gabonetako parkerako txartelak

Anartz Izagirre 2022ko abe. 23a, 15:14
Iaz jarri zuten Gabon parkeko irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Hilaren 27tik 30era Gabon parkea jarriko dute Izarraitz pilotalekuan, eta dagoeneko eros daitezke egun horietarako sarrerak, sarean. Txartel bakoitza bi euroren truke eskuratu ahal izango da.

Heldu dira Gabonak, eta horrekin batera, aisialdirako hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udalak herriko haurrentzat eta gaztetxoentzat. Tartean, Gabon parkea jarriko dute Izarraitz pilotalekuan abenduaren 27tik 30era bitartean —bi egunak barne—, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak, sarean, bi euroren truke. Horrez gain, egunean bertan txartel gutxi batzuk ere egongo dira eskuragarri leihatilan.

Egun horietan arratsaldez egongo da irekita Gabon parkea, eta ordu eta erdiko hiru txanda zehaztu dituzte egun bakoitzerako: 15:30ean, 17:00etan eta 18:30ean. Modu horretan, parkera sartzen direnek ez dute zain egon beharrik izango jolasetan ibiltzeko.

Udalak jakinarazi duenez, haurrek bakarrik erosi beharko dute parkerako sarrera; hau da, helduak txartelik gabe sartu ahal izango dira parkera. Era berean, adierazi dute 0 eta 3 urte arteko haurrek ez dutela aurrez sarrerarik hartu beharrik izango, eta aniztasun txartela dutenak ere txandara joan eta bertan ordainduta sartu ahal izango direla parkera.

Honako lotura honetan eros daitezke lehen txandarako txartelak, beste honetan 17:00etako txandakoak, eta azken honetan, 18:30eko txandakoak.