Arana Goikoako 7 eta 12 zenbakidun etxe atarien arteko zatia irisgarri egiteko lanak gauzatu dituzte

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 23a, 14:23
Irisgarritasuna hobetzeko, arranpa jarri dute Arana Goikoan. (Azpeitiko Udala)

Art eraikuntzak egin ditu obrak, eta horretarako, 111.101,12 euroko inbertsioa gauzatu du udalak. Horrenbestez, Arana eta Arana Goikoa lotzen dituen igogailutik azken etxeetara arteko zatia irisgarria da guztientzat.

Arana Goikoa auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da Azpeitiko Udala. Otsailaz geroztik martxan da Arana kaletik auzo horretara igotzeko igogailua, eta proiektu hori gauzatzearekin batera, auzoko irisgarritasuna hobetzeko hainbat eskaera egin zituzten auzotarrek. Horren harira, Arana Goikoa auzuneko 7 eta 12 zenbakidun etxe atarien arteko zatia irisgarri egiteko lanak gauzatu ditu udalak. Horrenbestez, Arana eta Arana Goikoa lotzen dituen igogailutik azken etxeetara arteko zatia irisgarria da guztientzat. Art eraikuntzak egin ditu obrak, eta horretarako, 111.101,12 euroko inbertsioa gauzatu du udalak. 

Obra hori bukauta, epe motzean, Gipuzkoako Urakek hainbat ur hoditeria aldatzeko lanak egin behar ditu, eta horren harira, auzoko espaloiak berrituko dituzte. Horrekin batera, auzotarrek Arana Goikoako 17 eta 19 zenbakidun etxe atarien irisgarritasuna hobetzea ere eskatu zioten udalari. Obra horren inguruko proiektua dagoeneko gauzatu dute, eta lanak leihaketa publikoan daude, esleipen prozesuan. Beraz, datorren urtearen hasieran obra horiek hasiko dituztela aurreikusten du udalak.