Bertso Eguneko egitaraua zehaztuta, eta sarrerak salgai

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 23a, 12:00
Maialen Lujanbio txapeldunak parte hartuko du, besteak beste, afalosteko ekitaldian. (Bertsozale Elkartea)

Urtarrilaren 28an egingo dute Bertso Eguna, Azpeitian. Egun horren gaineko xehetasunak jakinarazi ditu Bertsozale Elkarteak. Bertso bazkarietarako, afarirako nahiz afalosteko saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Joan zen hilean jakinarazi zuten Azpeitian egingo dutela 2023ko Bertso Eguna, eta gaur, egun horren inguruko xehetasun gehiago ematez gain, egunean zehar izango diren saio guztietarako sarrerak salgai jarri dituzte. Urtarrilaren 28an, zapatua, izango da bertsoaren bueltako eguna, eta askotariko ekintzak izango dira egun osoan zehar. Besteak beste, poteoa, bertso bazkariak, askotariko bertso saioak, afaria eta bertso ekitaldia egingo dituzte. Bertso bazkarietarako, afarirako nahiz afalosteko saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Egun osoko plana ari da antolatzen Bertsozale Elkartea: 11:30ean elkartuko dira, eta kalez kaleko poteoa egingo dute, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dituzte zenbait elkartetan: hain zuzen ere, Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gustu guztiak asetzeko helburuarekin, mota ezberdinetako bertso saioak eskainiko dituzte elkarte horietako bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoak edota bertso saio musikatua. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21:00etan afaria egingo dute, Elikagunean. Afalostean, bertso ekitaldia egingo dute, Azoka Plazan bertan.

Bertsolariak, zehaztuta

Guztira, bost bertso bazkari egingo dituzte, aldi berean, bost elkarte gastronomikotan. Gune bakoitzean saio ezberdina izango da, eta zehaztu dituzte haietako bakoitzaren ezaugarriak. Batetik, hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira; bestean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bestetik, bertso saio musikatua izango da, eta han ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura, berriz, Gari Otamendik eta Ixak Arrutik izango dute. Azkenik, ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo. Azken bi saio horietan Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro ariko dira gai jartzen.

Elikaguneko afarian nahiz afalostean ere izango da bertso saiorik. Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio ariko dira librean; gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi. Kasu horretan ere, Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix ariko dira gai jartzen.

1968an hasi ziren Bertso Eguna antolatzen, Bertsolari Eguna izenpean, eta hainbat bertsolari omentzeko baliatzen zuten eguna. 1987an hartu zuen Bertsozale Elkarteak egun hori antolatzeko ardura, Donostiako Udalarekin elkarlanean, eta 1995ean omenaldi kutsua alde batera uztea erabaki zuten; orduan hartu zuen egunak Bertso Egun izena. Ekitaldiak Donostian egin zituzten 2017ra arte, eta 2018az geroztik, ibiltari izaera hartua du egitasmoak, Euskal Herri osoan eragiteko xedez. Ondorioz, herriz herri egiten dute egun hori, eta aurten lehen aldiz, Azpeitian egingo dute, udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzarekin.