Energia trantsiziorako bere estrategia aurkeztu du EH Bilduk Azpeitian, Sañu Bizirik plazan protestan zela

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 20a, 20:06

Sanagustin jendez bete da Mikel Oteroren eta Pello Otxandianoren hitzaldia entzuteko. Atarian, elkarretaratze jendetsua egin dute, Piaspe proiektu eolikoaren aurka sortutako Sañu Bizirik taldeak deituta, Mendirik gabe Euskal Herririk ez! leloarekin.

EH Bildu koalizioak Euskal Herrirako energia trantsiziorako estrategia proposamena aurkeztu zuen azaroan, eta estrategia hori azaltzeko hitzaldia eskaini dute gaur Azpeitian Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak eta Mikel Otero trantsizio ekologikorako idazkariak. Ikusmina piztu du EH Bildukoen aurkezpenak, eta amaieran galderak egiteko tartea izan duten entzulez bete da Sanagustin kulturgunea gaur arratsaldean.

Jendetsua izan da, era berean, hitzaldi horretarako hitzordua baliatuz Piaspe proiektu eolikoaren aurka sortutako Sañu Bizirik taldeak plazan deitutako elkarretaratzea. 18:15ean jarri dira plazan elkartutakoak Mendirik gabe Euskal Herririk ez! leloa zuen pankarta nagusiaren atzean, Sanagustinen hitzaldia hasi baino ordu laurden lehenago, eta ia ordu erdiz egon dira plazan. Sañoan zein Euskal Herriko beste mendi lerro batzuetan zentral eolikoak eraikitzeko azaldutako asmoen zein EH Bilduren kontrako leloak zabaldu dituzte elkarretaratzean, eta "kanpora" oihu artean hartu dute Otero, Sanagustinera iritsi denean.