Eduki babestua

Gabonak eta merkataritza, erakusleihoen bidez

Erredakzioa 2022ko abe. 16a, 19:00
Ezkerretik eskuinera, Mikel Amenabar, Axun Esnaola, Veronica Gallarin, Isabel Orbegozo eta Ainara LarraƱaga.

Inoizko parte hartze handienarekin dator Gabonetako XI. Erakusleiho Lehiaketa. Herriko 37 saltokik 39 erakusleiho prestatu dituzte aurtengo lehiaketarako, eta azpeitiarrek dagoeneko ikus ditzakete horiek guztiak.

Beste urte batez, bueltan da Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak antolatzen duten Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa. Aurtengoa sariketaren XI. edizioa izango da, eta inoizko parte hartze handienarekin iritsiko da herrira. Izan ere, herriko 37 saltokik 39 erakusleiho prestatu dituzte aurtengo lehiaketarako. Azpeitiarrek dagoeneko ikus ditzakete horiek guztiak.

Saltoki horien artean daude Nkn, Kiribil, Mendata, Amenabar eta Sugoi. Bost saltokiak aurkeztu dira lehiaketara, baina bakoitzak bere ezaugarriak eta aurrekariak ditu. Kiribil dendak, adibidez, erakusleiho-apaintzailea du; Patxi Irizar. Urtean bost diseinu egiten ditu Irizarrek Kiribilentzako, urtaro bakoitzeko bat eta Gabonetakoa. "Haren ardura izaten da beti, nik ez diot ideiarik ematen. Amaitzen duenean ikusten dut egin duen lana; beraz, niri ez dit lan handirik eragiten", azaldu du Kiribileko Axun Esnaolak. Haren arabera, azken urteotan herritarrak joaten dira erakusleihoak ikustera, eta "pozgarria" dela adierazi du.

Amenabar dendak 30 urte daramatza azpeitiarrei dekorazio zerbitzuak eskaintzen. Aurtengo erakusleihoa apaintzerakoan, saltokiaren jarduna erakutsi nahi izan dute Mikel Amenabarrek eta Ainhoa Urizarbarrenak. "Etxe handi bat egin dugu aurten, eta bertako gela bakoitzean guk egiten dugun lanak azaldu ditugu", aurreratu du Amenabarrek.

Mendata estudio grafikoak, berriz, lehenbiziko aldiz parte hartu du lehiaketan. Izan ere, irailean zabaldu zituen ateak saltoki horrek. "Lehen aldia izanda, ez zait gehiegi kostatu ideia pentsatzea. Gustuko ditut eskulanak egitea, eta saltokiaren jarduerarekin bat egiten saiatu naiz. Gainera, erakusleihoa osatzeko dendan nituen materialak erabiltzen saiatu naiz", azaldu du Veronica Gallarinek.

Sugoi delicatessen denda Gabonak eta euskal kultura uztartzen saiatzen da lehiaketan, eta aurten Txapelen omenezko bertso saioa hartu du oinarri: "Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren omenezko bertso saioa Gabonetan egiten da Azpeitian, eta, agian, ez da oso ezaguna herritarren artean. Aurtengo erakusleihoarekin, ideia herrikoia izateaz gain, herritarren artean Txapel ezagutaraztea nahi dugu", esan du Sugoiko Isabel Orbegozok.

Nkn arropa dendak, aldiz, herriko gazte talde baten esku utzi du erakusleihoaren apainketa. Iaz ere horrela egin zuen, eta orduko emaitza ona ikusirik –herritarren saria eskuratu zuen– aurten errepikatzea erabaki dute. Horrela, Ainara Larrañagak, Nora Gorrotxategik, Zuraide Berasategik eta Elene Gorrotxategik osatutako taldeak brainstorming metodoa erabili dute erakusleihoa sortzeko. "Denon artean ideia sortu eta Dinamoa eraikinean egin dugu erakusleihoa, horretarako aukera eman ziguten eta", adierazi du Larrañagak.

Lan eta denbora asko eskatzen duen arrean, gustura egiten duten zeregina dela onartzen dute guztiek. Amenabarrek hilabeteak pasatzen ditu ideia lantzen; aurtengoaren lanketa, adibidez, maiatzean hasi zuten. "Denbora eskatzen du, dendaren eguneroko martxa ere aurrera eraman behar izaten duzu, eta biak uztartzea ez da erraza izaten. Hori bai, behin amaitutakoan, pozik gelditzen gara".

Orbegozok azaldu duenez, "ondo" antolatzen dira. "Nik ideiak ematen ditut, eta ahizpa eta nire bikotekidea muntaiaz arduratzen dira. Baina material guztia hartu eta gure erakusleiho txikian sartzeak buruko mina eragiten dit. Zortea dugu, ordea, baserria dugu eta handik ateratzen ditugu beharrezko materialak: egurra, zerrak...", azaldu du hark.

Balorazio ona

39 erakusleihoak prest, epaimahaiak izendatuko ditu aurtengo irabazleak. Epaimahaiak dekorazio artistiko onenak baloratuko ditu, eta horretarako, lehen inpresioa, konposizioa –Gabonetako espazio eta elementuen konbinazioa–, berrikuntza, sormena eta originaltasuna, produktu edo zerbitzu desberdinen integrazioa, giroa lortzeko argiztapena eta koloreen konbinaketa hartuko ditu kontuan.

Urte askoz egiten den lehiaketa izanda ere, aurtengoan sorpresa eta ideia original asko daudela aurreratu du Bertan merkatari elkarteko teknikari Xabi Aldalurrek: "Dena asmatuta dagoela uste dugunean, beti sortzen dira ideia berriak, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Kalera irten eta erakusleihoak ikustera animatzen ditugu azpeitiarrak. Merezi du!".

Gabonetako Erakusleihoa Lehiaketan parte hartuko duten saltokiak honako hauek dira: Alar mertzeria, Alzuaran, Amenabar, Arantxa haur denda, Begoña Etxeberria, Bossi, Ziklos Beni, Despentsa Naturala, Diart, Egaña gozotegia, Elikagunea, Adi optika, Geu, Ilargi, Inar optika, Jostaldi, Kaioa, Kids&Us, Kiribil, Kotoi, Mendata, Mima, Moviltek, Nerea eskulanak, Nkn, Ostadar optika, Pittinka, Romaes, Sagarna, Sugoi, Tilin-Talan, Trapos, Valverde, Zuha eta Zume.