Gotzon Aranburu presoaren egoeraren inguruko hitzaldia izango da etzi Sindikatu Zaharrean

Anartz Izagirre 2022ko abe. 12a, 09:15
Joan zen abenduan presoen eskubideen alde egindako manifestazioaren irudi bat. (Anartz Izagirre)

Etzi, asteazkena, Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoeraren zein haren bizipenen inguruko solasaldia izango da Sindikatu Zaharrean, 10:30etik aurrera. Suharri Aranburu senideak eta Josu Urbieta Pow preso ohiak parte hartuko dute saioan. Horrez gain, larunbatean, hilak 17, Aranbururen askatasuna eskatzeko manifestazioa egingo dute 18:00etan plazatik abiatuta, Gotzon gurekin lelopean.

Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren askatasuna eskatzeko manifestazioa izango da datorren zapatuan, hilak 17, Azpeitian, baina horren aurretik, haren egoera zein bizipenak ezagutzeko abagunea izango da etzi, asteazkena. Izan ere, Azpeitiko Ernaik solasaldia antolatu du asteazkenerako, eta Aranbururen egoera izango dute hizpide bertan; Suharri Aranburu senideak eta Josu Urbieta Pow preso ohiak parte hartuko dute saioan, eta edonork izango du saiora joateko aukera. 10:30ean izango da solasaldia, Sindikatu Zaharrean.

Bestalde, datorren larunbateko manifestazioa plazatik abiatuko da, 18:00etan, Gotzon gurekin lelopean. Sarek manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Gainera, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deia ere egin du. Izan ere, Sareren esanetan, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxera itzultzeko prozesua egin ahal izateko lanean jarraitu behar da. "Guztion erantzukizuna da, eta hori gabe, ezinezkoa izango da herri honek egiteke duen etorkizunerantz bizikidetzan aurrera egitea".

20 urte espetxean

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 35 urte eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta. Urte hasieran Zaballara lekualdatu aurretik, Dueñasko (Palentzia, Espainia) eta Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) kartzeletan egona da.

Azpeitiarrak 2034an beteko du ezarri zioten espetxe zigorra, baina Sarek azaldu duenez, 2007an bete zuen zigorraren laurdena, eta hiru urte barru, 2025ean, beteko lituzke haren hiru laurdenak. Urtearen hasieratik, Zaballako (Araba) kartzelan dago Aranburu preso, bigarren graduan –izatez, baina, hirugarren graduan egon behar zukeen–. Bigarren graduan dago, ordea, eta lege arrunta aplikatuz gero, irteera programatuetan parte hartzeko aukera izan behar lukeela azaldu du Sarek. "Egun baterako irteteko aukera izan beharko luke espetxeko funtzionarioekin batera, eta pixkanaka, irteera baimen arruntak eskuratzen joan. Urtean, gehienez, 36 irteera baimen izan behar lituzke; sei hilabeteko bakoitzean, gehienez, hemezortzi eguneko baimena. Gainera, egun horiek multzo txikietan banatzen dira; kalean, gehienez, sei egunez jarraian egoteko aukera izaten dute".