Erretratua

Leire Valverde: "Harridura sortu zuen emakume bat lanbide honetan hasteak"

Leire Ibar 2023ko urt. 4a, 15:01
Leire Valverderen erretratua. (Olatz Alkorta)

Euskal Herrian ez dira asko izango errepideko mantentze lanetan aritzen diren emakumeak, baina horixe da Leire Valverderen ofizioa. Esfortzu fisiko handiko lanbidea izateko fama du, eta hori zenbait unetan hala dela baieztatu duen arren, ogibidearen oinarriak "koordinazioa, elkar ezagutzea eta errespetua" direla dio. Harena da Erretratua 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Gaur egun errepideko mantentze lanetan diharduen Euskal Herriko emakume bakarrenetarikoa da Leire Valverde (Azpeitia, 1972). Iaz erabaki zuen erabat maskulinizatutako sektore horretan lanean hastea. Nahiz eta Gipuzkoan gizonezkoek soilik egiten dituzten lan horiek, Valverdek aipatutakoaren arabera, modu "guztiz naturalean" eman zuen lan horretan hasteko pausoa. Beti jardun izan du historikoki gizonezkoenak diren lanetan, izan eraikuntzan edota errepideetako teknikari moduan. Gauzak horrela, hark azaldu du, lan hori hautatzerakoan ez zuela atzera bota emakume bakarra izan zitekeenaren auziak.

Urte luzez errepideko teknikari laguntzaile izan ostean, errepideko mantenu lanetan aritzen da egun Valverde. Oinarrian zerikusi handia duten bi lan badira ere, lanbide batetik besterako jauzia "aldaketa izugarria" izan dela azpimarratu du, lehen ikuskatzen zituen lan horiek gauzatzen baitabil egun. Esfortzu fisiko handiko lana da aipaturikoa, goizetik hasi eta eguerdira arte mendiko errepideetan jarduten baitute lanean. Hala eta guztiz, azpeitiarrak aditzera eman duenez, gaur egun lan fisiko horiek erregularitzatu egin dira. Gainera, astez asteko programa bat daukate, lanak txandakatzeko. Lehenengo astean, eskulana tokatzen zaionean, "egurra" jasotzen dutela adierazi badu ere, hilabetearen hurrengo hiru asteetan lan arinagoak gauzatzen ditu; makinak kontrolatu, kamioia gidatu edota seinaleztatze lanetan aritu, esaterako.

"Lanean hasi behar nuen lehen egunean, 'Leire, zeinen ausarta!' esan zidaten, eta beldurra sartu zitzaidan. 'Nora noa?', pentsatu nuen. Niri ez zait iruditzen besteak baino ausartagoa naizenik; lanbidea gustatzen bazait, zergatik ez naiz horretan arituko?". Hala eta guztiz, ogibide horretan lehen "astakeria" ugari egiten zirela jakinarazi du; azken urteotan, ordea, lesioen zein lan istripuen kopuruek beheranzko joera hartu dute. "Gaur egun, erabat zaintzen dira protokoloak zein prebentzioko sistemak. Lankideek kontatu izan ditate orain dela urte batzuk bide seinaleak egoki jartzeari ez zitzaiola garrantzi handirik ematen". Orain, aitzitik, protokoloa jarraitu eta beti bermatzen da gutxienez bi pertsona aritzea seinalizazio lanetan, arriskuak saihesteko. "Inoiz ez gara seinalizazio egokirik gabe egoten". Orokorrean, errepideko erabiltzaileek seinaleak errespetatzen dituztela eta tentuz gidatzen dutela adierazi du, baina haren arabera, "ezin da ukatu" autoen joan-etorriaren erdian egoteak arriskua eragin dezakeela.

Leire Valverde. (Leire Ibar)

Talde lana

Errepideko mantenimendua historikoki gizonezkoekin eta indarrarekin lotu izan den lanbidea bada ere, Valverdek argi du lan horren gakoak "koordinazioa, elkar ezagutzea eta errespetua" direla. Izan ere, milaka egoera tokatu ohi zaizkie errepidean, eta horiei aurre egiteko, lan mota anitz gauzatu behar izaten dituzte. "Ez da gauza bera ehun kiloko lankide batek hamabost kilo inguruko sasiak garbitzeko makina eramatea eta 60 kiloko batek pisu berbera eramatea. Baina kamioi azpira sartu behar izanez gero, ni sartu egingo naiz. Elkarlana da lanbide honen oinarria". Zenbait unetan ausarta izatea ere beharrezkoa dela adierazi du azpeitiarrak. "Erronka bat ere bada, edozeinek ez bailuke kamioia edo elurra kentzeko makina gidatuko".

Emakume gutxi dira sektore horretan lan egiten dutenak. Valverderen esanetan, "lan teknikoetan ari direnak eskulanean aritzen direnak baino gehiago dira; ni naiz Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat errepideko mantentze lanetan ari den lehen emakumea". Azpeitiarrak jakinarazi duenez, hasieran harridura sortu zuen emakume bat lanbide horretan hasteak, baina gaur egun "guztiz naturala" da egoera. "Jendeari arrotza egiten zitzaion emakume bat lan horiek egiten ikustea, eta ondorioz, ugari izan dira entzundako komentarioak eta bizi izan ditudan pasarteak". Hala eta guztiz, azpimarratu du inoiz ez duela "lekuz kanpoko edo intentzio txardun" iruzkinik jaso, inkontzienteki eta harriduraz eginikoak baizik. "Neuk ere ez nuen espero hainbesteko harridura sortzerik".

Erreferenteak

Valverderen esanetan, beharrezkoa da plano teorikotik irtetea; izan ere, azpimarratu du teoria gizarte osoak dakiela, baina praktikan asko dagoela ikasteko eta hobetzeko, horrek ahalbidetzen baitu hainbat egoera barneratzea eta horien aurrean nola jokatu jakitea. Horren adibidea da aldagelekin gertatutakoa. Izan ere, orain arte gizonezkoak soilik ziren lanbide horretako plantilan, eta aldagela bakarra zegoen; ez zegoen emakumeentzakorik. Behar hori ikusita, hainbat herritan aldagelak egiten hasi ziren.""Batek pausoa ematea nahikoa da aldaketak egin eta datoztenei bidea irekitzeko", esan du Valverdek. Izan ere, handik sei hilabetera, beste emakume bat hasi zen lanbide berean Gipuzkoan. "Ezinbestekoa da erreferenteak izatea, norbait ikusiz gero, askoz ere errazagoa baita norberak pausoa ematea. Asko betetzen nau beste pertsona batzuei lagun diezaiekedala ikusteak", erantsi du.

"Plano teorikoan guztiok argi ditugu gauzak, baina praktika falta da. Guztiok egiten ditugu akatsak, eta prozesua luzea bada ere, akats horietatik ikastea da garrantzitsuena. Izan ere, akatsak nahi gabe egiten ditugu sarritan", dio azpeitiarrak. Horren harira kontatu duenez, palarekin lanean ari zen batean, autoz zihoan 60 urte inguruko emakume batek honako hau esan zion seinalearekin zegoen lankideari: "Aizu, emakumea da. Hartu zuk pala eta laga iezaiozu seinalea". Lankideak ezetz erantzun zion, lanak txandakatu egiten zituztela eta aste hartan berari tokatzen zitzaiola zeregin hori gauzatzea. Valverderen esanetan, gustuko gauzei heldu eta aurrera jarraitzea da garrantzitsuena, "beti" egingo baitituzte begiradak eta iruzinak. "Begiratu nahi bagaituzte, begira gaitzatela". Ildo horretatik, Valverdek adierazi du sarritan emakumeek gehiegi eskatzen dietela beren buruei, eta horren aurrean, "hanka sartzeko" gizonek bezainbesteko eskubidea dutela adierazi du.

Valverde, laneko ibilgailu batean eta errepide bazter bat garbitzen. (Utzitakoak)

Motzean

Jaiotze data: 1972ko martxoaren 29a.

Ikasketak: Eraikuntzako goi mailako zikloa.

Lanbidea: Errepideko langilea.

Errepideko langilea ez banintz… argi daukat aire librean egiten den beste lanbide batean arituko
nintzatekeela.

Lanetik ateratzean gogoko dut… atseden hartzea eta surf egitea.