Eskola kirolaren inguruko hausnarketa egiten hasi dira Azpeitiko Udala, herriko ikastetxeak eta guraso elkarteak

Julene Frantzesena 2022ko abe. 9a, 09:56

Joan zen astean egin zuten aurreneko saioa, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari bat lagun zutela. Udalak egindako Kirol Planaren erronketako bat da eskola kirolaz hausnartzea eta egitasmo hori birpentsatzea.

Eskola kirolaren inguruko hausnarketa egiten hasi dira Azpeitiko Udala, herriko ikastetxeak eta guraso elkarteak. Udalak azaldu duenez, erakundeak egin duen Kirol Planaren erronketako bat da eskola kirolaz hausnartzea eta egitasmo hori birpentsatzea, eta ekin dio egiteko horri. Izan ere, oraintsu hasi da udala eragileekin hausnarketa partekatzen.  Lehengo astean egin zuten hausnarketa prozesuko lehen bilera ikastetxeetako, guraso elkarteetako eta udaleko ordezkariek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batek ere parte hartu zuen saioan.

Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak adierazi duenez, "positiboa" izan da bidea urratzen hastea. "Kirola hezteko tresna garrantzitsua da, hezitzailea da. Beraz, hezkuntza komunitateak egiten dugun horren inguruko lanketa egitea ezinbestekoa da". Haren aburuz, "pauso garrantzitsua" da eman dutena: "Ziur prozesua aberasgarria eta interesgarria izango dela".