Nahikari Gabilondok 'Tximeletak eta gozokiak' ipuina aurkeztuko du asteazkenean Pittinka saltokian

Julene Frantzesena 2022ko abe. 12a, 09:27
'Tximeletak eta gozokiak' liburuaren azala.

Durangoko Azoka bukatu bada ere, Zu non, han da! egitasmoa martxan da; hainbat liburu aurkezpen izango dira hilaren 23a bitartean Euskal Herriko hainbat txokotan. Aurkezpen horietako bat izango da Azpeitikoa.

Atzo, igandearekin, bukatu zen Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, baina ez liburu aurkezpenen tartea. Izan ere, azokari lotuta, gaurtik hilaren 23ra bitartean hainbat liburu aurkezpen egingo dituzte Euskal Herriko zenbait liburu dendatan, Zu non, han da! egitasmoaren barruan.

Azpeitian izango da aurkezpen horietako bat. Asteazkenean, abenduaren 14an, Nahikari Gabilondo zarauztarrak Tximeletak eta gozokiak (Ibaizabal) haurrentzako ipuina aurkeztuko du Pittinka saltokian, 17:00etan hasita. Yoseba Peñak elkarrizketatuko du idazlea. Gainera, urtarrilaren 7ra arte Durangoko Azokako aurtengo nobedadeak eskuratu ahal izango dira saltoki horretan.