Plan Orokorra aldatzeko lehen bilera deitu du udalak astelehenerako

Julene Frantzesena 2022ko abe. 8a, 14:43
Perdillegiko eremuaz hitz egingo dute bileran.

Bilera irekia izango da, 19:00etan, udaletxeko bosgarren solairuan. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegiko eremuan gizarte beharrei erantzuteko eraikitzea adostuta duten eraikina egiteko beharrezkoa da plan aldaketa gauzatzea.

Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko lehen bilera deitu du udalak astelehenerako. Planari aldaketa puntual bat egiteaz ariko dira hizketan bilkuran; izan ere, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegiko eremuan –Garmendialde eremuan– gizarte beharrei erantzuteko eraikitzea adostuta duten eraikina egiteko beharrezkoa da aldaketa hori gauzatzea. Udalak azaldu duenez, eraikina egiteko "ezinbesteko pausoa" da plangintza aldatzea.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek iazko abenduaren 2ko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten Azpeitiko Plan Orokorraren lehen aldaketa martxan jartzea. Aldaketa hori egiten hasteko lehen bilera 19:00etan hasita izango da, udaletxeko bosgarren solairuan. San Martin zuzeneko jarduketarako lurzatia izango dute hizpide, eta gaiaz interesa duen edonork parte hartu ahal izango du bileran.