Durangoko Azoka

"Pizgarri bat sortu nahi dugu gazteak erakartzeko"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abe. 7a, 09:15
Elena Marguello eta Iñigo Exposito, Durangoko Azokan. (Utzitakoa)

Durangoko Azoka euskal kulturaren bilgune garrantzitsua da, eta egunotan indarberrituta bueltatuko da, izurriteak sortutako etenaldiaren ostean. Bertako komunikazio arduradunetako bat da Elena Marguello azpeitiarra.

Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, euskal kulturaren eztanda sorrarazteko prest. Aurtengoa 57. edizioa izango da, eta egitasmoaren inguruko xehetasunak eman dituzte azokako komunikazio lantaldeko kide Iñigo Expositok (Orio, 1994) eta Elena Marguellok (Azpeitia, 1996).

Gaurko dena prest egon dadin, zertan jardun zarete azken bizpahiru hilabete hauetan?

Iñigo Exposito: Gure lanak bi fase nagusi ditu. Lehenengo fasea, komunikazio estrategiari dagokiona, uda aurretik landu genuen, eta komunikazioaren plangintza orokorra eta estrategiak definitu genituen bertan. Gu, batez ere, irailetik aurrera aritu gara lanean, estrategia hori ezartzen, eta azoka egunei begira, komunikazioarekin erlazionatutako prestaketa lanak egiten. Komunikazioa azpidepartamentu batzuetan banatu ditugu: komunikazio orokorra, prentsa bulegoa eta estrategia digitala. Azken horrek barne hartzen ditu, besteak beste, sare sozialak, bideoak eta webgunea. Nire lana, batez ere, izango da departamentu horien guztien koordinazioa modu egokian egiten dela bermatzea. Baina ,aldi berean, departamendu horietako arduradunei esku bat botatzeko egongo naiz, momentuan sortzen diren beharrei erantzuteko. Azoka bukatzen denean, berriz, tokatuko zaigu aurtengo azokaren inguruko balorazio bat egitea, zertan asmatu dugun eta datozen urteei begira zertan hobetu dezakegun ikuskatzeko.

Elena Marguello: Ni sare sozialetako arduraduna izango naiz, eta azoka egunetan gertatzen ari dena sare sozialetan islatzea izango da nire eginbeharra. Horretarako, edukiak jasoko ditut eta zer zabaldu behar den erabaki. Horrez gain, sare sozialetan Durangoko Azokaz zer esaten den jarraitu eta hori zabalduko dut. Iñigo Expositok esan duen bezala, egun hauetan, gure departamentuko lanez arduratzeaz gain, komunikazio taldeko gainontzeko kideei ere lagunduko diegu behar denean.

Pandemia ondorengo lehen azoka normala izango da. Zein da aurtengo erronka?

I.E.: Helburu nagusi da izurritearen aurretik azokak sortzen zituen bizipenak berreskuratzea. Durangoko Azoka euskal kulturaren topagune bilakatu nahi dugu, Euskal Herriko txoko desberdinetako herritarrak bilduz; nahi dugu bertaratzen diren horiek euskal kulturan egosten ari dena deskubritzea eta bizipen horrekin emozionatzea. Horretarako, saiatuko gara zerbait berezia eskaintzen Durangoko Azokan biltzen direnei.

E.M.: Antzematen dugu sortzaileak gogo askorekin eta indartsu datozela, eta badutela herritarrekin egoteko eta berotasun hori sentitzeko gogoa. Horrez gain, publikoa ere Durangoko Azoka zabaltzeko irrikaz dagoela sentitzen dugu. Murrizketak egongo ote diren galdetzen ari zaigu jende asko, eta argi utzi nahi dugu ez dela murrizketa neurririk egongo eta duela bi urte arte ezagutzen genuen azoka bezalakoa izango dela.

Beste urtetan baino eskaintza handiagoa izango al da aurten?

I.E.: Eskaintzari dagokionez, berreskuratu dira pandemia aurreko zenbakiak. Aurten, 930 berrikuntza izango ditugu;248 erakusmahai eta 250 ekitaldi baino gehiago. Horrek esan nahi du gustu guztiak asetzeko sorkuntzak topatzeko aukera izango dela Landako gunean, eta baita horren inguruko beste gune guztietan ere.

E.M.: Izurriteak ez du euskal kulturgintza geratu, eta sortzen jarraitu da. Durangoko Azoka eskaintza berriz beteta egongo da.

Publiko aldetik aurreikuspenik egin al duzue?

I.E.: Betiko publikoa mantentzeaz gain, jende gaztea Durangora bertaratzeko pizgarri bat sortu nahi dugu, Durangoko Azoka gazte horientzat erakargarria izan dadin. Ulertzen dugu azoka badela euskal kulturaren transmisiorako bitartekari, eta sinesten dugu zubi-lan hori egiteko gai garela. Hortaz, gazteak erakartzea izango da helburuetako bat.

Berrikuntzarik egongo al da Durangoko Azokan?

E.M.: Komunikazio estrategian gaztetxoengan arreta jarri dugu, eta aurten bere espazioa izango dute azokan. Izan ere, Durangoko Azokara etortzen den publikoaren perfila 20 urtetik gorakoa da, eta aurtengoan gazteengan fokua jarri nahi izan dugu. Hori dela eta, hein handi batean, komunikazio estrategia beraiei bideratuta egon da, eta ikusi dugu beharrezkoa zela beraiei zuzendutako gunea izatea azoka egunetan. Hala, abenduaren 9an, Gazte Eztanda Eguna antolatu dugu. Azokako egitarau osoaz gozatzeko aukera izateaz gain, gazteek elkarrekin bazkaltzeko espazio bat izango dute, eta, arratsaldean, Euskarabenturarekin batera antolatu den ginkanan parte hartzeko aukera izango dute Durangon eta azokako guneetan zehar. Gainera, bi elektrotxarangek girotuko dute Durango, eta saioa bukatuko dute Landakoko plazan, haur, gazte eta helduak bertan bildu daitezen.

I.E.: Bestalde, aurten lehen edizioa izango da online denda eta azoka presentziala uztartuko dituena. Pandemia garaian, online dendak ondo funtzionatu zuela ikusita, mantentzea erabaki da aurten ere. Gainera, azoka abenduaren 11ra arte izango bada ere, azoka ostean, 11tik 23a bitartean, Euskal Herriko zenbait liburu dendetan liburu aurkezpenak egingo dira, tartean Urola Kostan ere, eta Zu non, han da! egitasmoarekin bat egin duten 120 saltokietan Durangoko Azokan aurkeztu diren berrikuntzak erosteko aukera izango da.

Eskualdekoak Durangon

Gaur, asteazkena

  • 16:30. Kepa Iribar, 72 ordu liburua. Ahotsenea, Musika Eskola.

Bihar, osteguna

  • 11:00. Leire Ibarguren, Petare. Miren Egigurenen puskak liburua, Musika Eskolan.
  • 12:10. Piztiak, XXX diskoa, Plateruenan.
  • 12:00. Malen Amenabar, Olentzero-enborra, Saguganbaran.
  • 13:30. Bertol Arrieta, Hodeien gaineko aldean liburua, Musika Eskolan.
  • 14:30. Rodeo, Hybris diskoa, Plateruenan.
  • 15:40. Neomak, Plateruenan.
  • 16:00. Maite Lopez Las Heras, TZ argitaletxeko nobedadeak, Landako gunean.

Etzi, ostirala

  • 14:00. Maite Lopez las Heras, Amatu liburua, Musika Eskolan.
  • 19:10. Keia, Erregaia diskoa, Plateruenan.
  • 21:30. Ezpalak, Hortz aina hots diskoa, Plateruenan.

Abenduak 10, larunbata

  • 11:00. Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga, Xabier Leteren lirika osoa, Landako gunean.
  • 11:00. Anjel Lertxundi, Desertuan behatxuloa liburua, Musika Eskolan.
  • 13:30. Nerea Loiola, 7G udalekuak liburua, Musika Eskolan.
  • 14:00. Maite Lopez Las Heras, Amatu liburua, Musika Eskolan.
  • 16:50. Esti Markez, Hitzekin jolasean diskoa, Plateruenan.
  • 17:00. Iñigo Antsorregi, Nire minaren etxean liburua, Musika Eskolan.
  • 17:00. Nerea Loiola-Jon Aranguren, Naian, Saguganbaran.
  • 17:30. Anari Alberdi, Gari eta goroldizko, Musika Eskolan.
  • 18:00. Jose Luis Otamendi, Landura, Musika Eskolan.
  • 18:00. Iñaki Segurola zena gogoan, Durangoko Museoan.
  • 19:00. Nerea Loiola, Asier Serrano eta Patxi Zubizarreta, mahai ingurua, Landako gunean.

Abenduak 11, igandea

  • 11:00. Arima Soul, Plateruenan.
  • 12:30. J.L. Zabala, Munduko Poesia Kaierak, Musika Eskolan.
  • 13:30. Beñat Gereka, Itsasoak pizten gaitu filma Irudienean.
  • 15:00. Jon Braka, Amapatxa, Landako gunean.
  • 17:30. Garbiñe Larreraren Sendabelar baratzea. Landako gunean.
  • 19:00. Ibon Gaztañazpi EH! Petrel itzulpena, Landako gunean.