"Ospatzeko ezer ez" dutela eta, Ikasle Abertzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte biharko

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 5a, 15:00
Esklabak Zentro Sozialistan egindako mintegi bateko artxibo irudia. (GKS)

Espainiako Konstituzio Egunari ez! lelopean, hitzaldia, bazkaria eta mus txapelketa antolatu ditu Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak biharko. Esklabetan egingo dituzte ekintza guztiak. 

Espainiako Konstituzioaren Eguna izango da bihar, abenduak 6. Hori dela eta, Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte, "ospatzeko ezer ez" dutela aldarrikatzeko. Hain zuzen, "lanketa politikorako, aisialdirako nahiz komunitatea indartzeko" egitarauak antolatu ditu Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak eskualdez eskualde. Urola Erdiko IAk Azpeitian egingo ditu ekintzak. Hain zuzen, Esklabak Zentro Sozialistan elkartuko dira biharko jarduerak egiteko. Areto nagusian egingo dituzte ekintza guztiak. 

12:00etan hasiko dira antolatutako ekintzekin. Aurrena, IAren 34 urteko ibilbidea izeneko hitzaldia eskainiko dute. Solasaldian ikasle antolakundearen ibilbideaz eta garapenaz arituko dira, eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko tartea ere hartuko dute. Ondoren, bazkaria egingo dute Esklabetan bertan, 14:00etan hasita. Bazkaritara joan nahi dutenek sei euro ordaindu beharko dituzte. Arratsaldean aisialdirako tartea hartuko dute, eta 17:30ean hasita mus txapelketa jokatuko dute.