Zabaldu dute San Silbestre lasterketan izena emateko epea

Iazko San Silbestre lasterketak utzitako une bat. (Anartz Izagirre)

Gaurtik aurrera, kirolprobak.com helbidean eman daiteke izena. Guztira, 800 dortsal jarriko dituzte salgai, eta soberan gelditzen badira, abenduaren 30ean eta 31n ere eskuratu ahal izango dira, Azoka Plazan. Gainera, lasterketan izena ematean, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzeko %20ko deskontua eskuratu ahal izango da. 

Xeye atletismo taldeak joan zen astean jakinarazi zuen datozen egunetan zabalduko zutela San Silbestre lasterketan izena emateko epea, eta azkenean, gaurtik aurrera izango da horretarako aukera. Hain zuzen ere, kirolprobak.com helbidean eman beharko da izena. Internet bidez izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak gelditzen badira, abenduaren 30ean eta 31n ere eskuratu ahal izango dira Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta.

Gainera, aurtengo San Silbestre lasterketan izena ematean, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzeko %20ko deskontua eskuratu ahal izango da. Horretarako, San Silbestre proban izena ematean, aipatutako aukera ematen duen leihatilan bai aukeratu beharko dute korrikalariek; ondoren, kode bat bidaliko zaie, nazioarteko forgan deskontua aplikatzeko.

San Silbestre lasterketaren 21. edizioa izango da 2022koa, eta berrikuntzekin dator egitasmoa: hain zuzen ere, lelo eta irudi berria izango ditu lasterketak; ondo bukau, hobeto hasi! dio lelo berriak. Gainera, iaz baino jende gehiagok parte hartu ahal izango du; guztira, 800 dortsal jarriko dituzte salgai. Aipatzekoa da azken edizioetan dortsal guztiak saldu izan direla, probak izan ohi duen erantzunaren erakusle.

Ibilbide aldaketa

Era berean, ibilbidea aldatuko dute aurtengoan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azken urteetan "trafiko arazao ugari" sortu dizkie Loiolako hiribidean sartzeak, eta horregatik erabaki dute ibilbidea aldatzea. Dena den, distantzia berbera izango du probak. "Sei kilometroko luzera duen ibilbide berria diseinatu dugu, herrigunetik irten gabe", adierazi dute. Ibilbide zehatza datozen egunetan jakinaraziko dute. Hori bai, ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa.

Aldaketak aldaketa, aurtengoan ere inklusioaren aldeko lasterketa egiteko asmoa agertu dute antolatzaileek. Izurria dela eta, iaz bertan behera gelditu zen proba hori, eta aurten berreskuratu egingo dute.

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte lasterketan parte hartzera: "Urtea ondo amaitzeko, ba al da modu hoberik herrian bertan korrika egin, lagunen eta familiakoen txaloak jaso eta egunak islatzen duen pozarekin eta zoriontasunarekin bat egitea baino?". Momentu berezi horren parte izatera animatu dituzte herritarrak.