Udal eta foru hauteskundeak 2023

Nagore Alkorta izango da EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 5a, 09:00
Nagore Alkorta erdian, EH Bilduk abenduaren 1ean egindako batzarrean. (EH Bildu)

Gaur egungo alkate Nagore Alkorta izango da EH Bilduren zerrendaburua 2023ko udal hauteskundeetan. Koalizioaren oinarriak aho batez onartu du haren hautagaitza. EHBilduren mahai politikoak "lau urteotako balantze positiboa" izan du oinarri Alkortari berriro alkatetzara aurkezteko eskaera gauzatzeko.

Egungo alkate Nagore Alkorta izango da Azpeitiko EHBilduren zerrendaburua datozen udal hauteskundeetan ere. Izan ere, Azpeitiko EH Bilduk jakinarazi duenez, koalizioaren oinarriak aho batez onartu zuen haren hautagaitza abenduaren 1ean gauzatutako batzarrean.

Azpeitiko EHBilduren mahai politikoak "lau urteotako balantze positiboa" izan du oinarri Alkortari berriro alkatetzara aurkezteko eskaera gauzatzeko. EH Bilduk azaldu duenez, "pandemia nahiz bestelako zailtasunak" izan dira oraindik indarrean den agintaldian, baina "Alkortak berak eta Udal Gobernuko taldeak, bere osotasunean, profesionaltasun eta gaitasun handia" erakutsi dute. "EH Bilduk urteak daramatza herri honetan politika beste modu batera egin daitekeela erakusten, eta etorkizuneko erronka berriei heltzeko ere, bide horretan jarraitzeko konpromiso argia du", adierazi du EH Bilduk. Bide hori gauzatzeko, Nagore Alkorta "hautagai ezin hobea" dela deritzo koalizioak.

Atzo, igandea, amaitu zen zerrendaburua hautatzeko EHBilduren barne prozesua. Datozen asteotan taldea osatzeari ekingo dio koalizioak, eta, era berean, abendua amaitzerako jarriko dituzte martxan hurrengo agintaldirako herri programa zehazteko bitartekoak, balantzeak eta diagnostikoak oinarri hartuta.