Udalak adierazpena plazaratu du Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

Andoni Elduaien 2022ko abe. 3a, 13:32
Azpeitiko udaletxearen mastan Nafarroako bandera zintzilikatu dute. (Andoni Elduaien)

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduak 3, eta Azpeitiko Udalak udalerri euskaldunen adierazpen bateratuarekin bat egin du. Udalerri euskaldunetan "euskarari eusteko egiturazko erabaki ausartak" behar direla azpimarratu dute testuaren bidez. Halaber, udalak Nafarroako bandera zintzilikatu du gaur udaletxeko mastan.

Azpeitiko Udalak udalerri euskaldunek 2022ko Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako adierazpen bateratuarekin bat egin du, Arnasa eta bidea zabaltzen izenekoarekin. Testuan jaso dutenez, euskararen ezagutzak gora egin du, eta horregatik, gero eta gehiago dira udalerri euskaldunak. Uemak 300.000 biztanleko lurgunea hartzen duela adierazi dute adierazpenarekin, eta Euskal Herrian ekoizten den "euskararen erdia udalerri euskaldunetakoa" dela.

Era berean, azaldu dute udalerri euskaldunek "berebiziko garrantzia" dutela "euskararen biziberritzean, transmisioan eta indarberritzean", eta gaineratu "herri honen izaeraren ardatza" direla udalerri horiek. "Euskararen herriak gara, eta euskararen herria osatzen dugu denon artean. Euskal Herria", nabarmendu dute. 

Udalerri euskaldunak garatzeko eta horiei bizirik eusteko "erabakiak eta bitartekoak" behar direla diote, baita udalerri horietan euskarari eusteko ere. Horregatik, diote arloz arlo antolatzen diren ekimenetan hartzen diren erabakiek "eragin handiagoa" izan dezaketela euskararen erabileran eta bilakaera soziolinguistikoan, euskara zerbitzuetatik hartzen diren erabakiek edota egiten den hizkuntza politikak baino. 

Adierazpena, osorik

Hau da, osorik, Azpeitiko Udalak kaleratu duen Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena:

"Berriki ezagutu ditugu udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaren datu gehiago. Euskararen ezagutzak gora egin duenez, gero eta gehiago dira udalerri euskaldunak, eta euskararen lurgunea ere sendotzen ari da. Uemara gehitu diren azken udalak kontuan hartuta, berriz, 300.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herriek.

Ez da nolanahiko zenbakia. Euskal Herrian ekoizten den euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten baita. Hemen dago, kuantitatiboki, euskararen errealitatearen erdia. Kualitatiboki, berriz, euskarari hauspoa eta arnasa ematen diote udalerri euskaldunek. Berebiziko garrantzia dute euskararen biziberritzean, transmisioan eta indarberritzean, eta herri honen izaeraren ardatza dira. Euskararen herriak gara, eta euskararen herria osatzen dugu denon artean. Euskal Herria.

Hizkuntzaren osasuna, ordea, erabilerak erakusten du, eta hor erronka handiak ditugu, gaur bertatik hasita. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara sustatzeko ariketa handia egin dugu azken egunotan, bai herritarrek, gizarte eragileek zein erakunde publikoek.

Atzo amaitu zen Euskaraldia, eta beste behin ere ederra izan da herri honek euskaraz bizitzeko adierazi duen gogoa.

Euskararen biziberritzea, ordea, ezin da ulertu ahalegin indibidualen batuketa moduan. Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu, eta herritarrei euskaraz bizitzeko bidea bermatzea eta erraztea.

Udalerri euskaldunei eustea ezinbestekoa du herri honek, euskararen herria izaten jarraituko baldin badu. Horretarako, udalerri euskaldunak garatzeko erabakiak eta bitartekoak behar ditugu, udalerriei bizirik eusteko. Baina baita udalerri horietan euskarari eusteko ere. Hirigintzan, ekonomian, lurralde antolaketan, kulturan edota turismoa sustatzeko ekimenetan hartzen ditugun erabakiek eragin handiagoa izan dezakete euskararen erabileran eta bilakaera soziolinguistikoan, euskara zerbitzuetatik hartzen diren erabakiek edota egiten den hizkuntza politikak baino. Aurten, Euskararen Eguna, hori ikusarazteko eta ulerrarazteko mugarria izatea nahiko genuke.

Izan ere, udalerri euskaldunetan euskarari eusteko egiturazko erabaki ausartak behar ditugu, elebitasun orekatua gainditu eta oraindik ere hauskorrak diren udalerri euskaldunetan euskarak bidea eta arnasa zabaltzen segi dezan".