Eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko saioa eskainiko du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak asteartean

Julene Frantzesena 2022ko abe. 7a, 08:11
Hainbat lagun Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatutako saio batean. (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea)

Elkartearen nondik norakoak azalduko dituzte 11:00etan Basazabal jauregian egingo duten bilkuran. Hara joaten direnek gosariaz gozatzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute. Hitzaldirako aurrez izena eman beharko da, 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta. Elkarteak Azpeitian ere badu egoitza martxoaz geroztik.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Azpeitian eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko azalpenak emateko topaketa antolatu du datorren astearterako, abenduak 14. Elkartearen nondik norakoak azalduko dituzte bilkuran, eta hara joaten direnek zalantzak argitzeko aukera izango dute. Gainera, horiek gosariaz gozatu ahal izango dute. 11:00etan egingo dute saioa, Basazabal jauregian, eta doakoa izango bada ere, parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta.

Gipuzkoako elkarteak minbizidun pertsonei zuzendutako doako zerbitzua eskaintzen du Azpeitian aurtengo martxoaz geroztik; Enparan kaleko 6-3 atarietan du kokalekua Minbiziaren kontrako elkarteak, eta puntu horrek Gipuzkoako beste sei egoitzarekin batera osatzen du sarea; izan ere, elkarteak Zumarragan, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Tolosan eta Irunen ere baditu topaguneak.

Urola Kostan 1.242 bazkide ditu elkarteak, eta orotara, 76 boluntario. Iaz arreta psikologikoari lotutako 241 saio eskaini zituzten elkarteak, eta 102 esku hartze egin. Gainera, ortopedia materialaren 31 mailegu eta 608 esku hartze sozial ere gauzatu zituen. Prebentzio ekintzetan, berriz, 173 lagunek parte hartu zuten.