Zehaztu dute II. Hator Hator Horror Festen egitaraua

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 30a, 14:56
Hator Hator Horror Festen irudia, zinema pantailan. (Ospel Films)

Hellraiser filmarekin eta K-sarietan lehiatuko diren film laburrekin hasiko da Ospel Filmsek antolatutako jaialdia, abenduaren 16an; lanak lehiaketara aurkezteko epea bihar bukatuko da, hain zuzen. Bigarren egunean, beste hainbat film labur eta Unicorn Wars eta Mad Heidi film luzeak emango dituzte; eta gauean, Asgarth eta Txatar taldeek joko dute Sanagustinen. Eta abenduaren 18an, haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerrarekin eta "ekitaldi sorpresa" batekin itxiko dute hiru eguneko eskaintza.

Urrian iragarri zituzten Hator Hator Horro Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema jaialdiaren bigarren edizioaren datak. Abenduaren 16tik 18ra, ostiraletik igandera, egingo dute Ospel Filmsek Azpeitiko Udalaren eta Kulturazen laguntzarekin antolatutako jaialdia, eta urrian zenbait zertzelada aurreratu ondoren, orain egitaraua zehaztu dute antolatzaileek.

Clive Barker-en Hellraiser filmean oinarrituta egin dute II. Hator Hator Horror Festen kartela, eta film horixe izango da abenduaren 16an emango duten lehendabizikoa, 19:00etan, Soreasu antzokian. "Hellraiser 1987an estreinatutako beldurrezko film klasikoa da. Beraz, 35 urte betetzen ditu aurten eta, ospatzeko, Soreasuko pantailan eskainiko da", azaldu dute antolatzaileek. Haren atzetik, aurtengo berrikuntza nagusia izango diren K-sarietara aurkeztutako film laburrak ikusteko aukera ere izango da. K-sarietan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko dute lehiaketa ireki baten bidez; gainera, film sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute. Hator Hatorreko antolatzaileek deialdia ireki zuten, K-sarietan lehiatu nahi zuten film laburrak aurkez zitzaten. Dagoeneko ehundik gora film labur jaso dituzte, eta horien artean hautaketa egingo dute antolatzaileek; baina bihar, abenduaren 1arekin, bukatuko da lanak lehiaketara aurkezteko epea, webgune honetan.

Film gehiago, Asgarth eta Txatar

Jaialdiaren bigarren jardunaldian, zapatuan, goizez eta arratsaldez zinema, eta gauez musika izango dira osagai nagusiak. Abenduaren 17 horretan, film laburren emanaldia izango da Soreasun 10:30etik aurrera. 12:00etan, berriz, animaziozko film laburrak emango dituzte toki berean. Eta arratsaldean, bi film luze: Unicorn Wars, 2023ko Goya sarietarako hamabi izendapen jaso dituen Alberto Vazquezen lana –Bilboko Uniko estudioak ekoitzia–, 16:30ean emango dute; eta 18:30ean, Johannes Hartmannek eta Sandro Klopfsteinek zuzendutako Mad Heidi.

Zapatu gauean, Soreasutik Sanagustinera pasatuko da Hator Hator, Asgarth eta Txatar heavy metal taldeen doako kontzertuekin (22:30). Aurreko lana argitaratu eta hamazazpi urtera, Zeldatik bere bosgarren diskoarekin itzuliko da Asgarth.

Sanagustinen osatuko du hirugarren eta azken jardunaldia ere beldurrezko eta animaziozko zinemaren jaialdiak. "Iazko arrakasta ikusita", haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerrak errepikatuko dituzte aurten, eta horrekin batera, "ekitaldi sorpresa" bat ere iragarri dute. "Ekintza berritzaile eta digital horrek, haurrak ez ezik, helduak ere ahoa bete hortz utziko ditu", diote antolatzaileek. 11:00etan hasiko dira Hator Hator Horror Festen azken eguneko ekitaldiak Sanagustinen.

Sarrerak eta bonua

II. Hator Hator Horror Festen ekitaldi guztietarako bonua kulturaz.eus atarian eskuratu daiteke, 13 euroren truke. Ekitaldi bakoitzerako sarrerak, berriz, Soreasuko leihatilan lortu ahal izango dira.