Irudhitzen lehiaketa

Gaur da Irudhitzen lehiaketan parte hartzeko azken eguna

Erredakzioa 2022ko aza. 30a, 10:24

Gaur itxiko da VI. Irudhitzen lehiaketaren testuen atalean parte hartzeko epea. Parte hartzaileek Alberto Beloki, Nora Alberdi, Alaitz Ruiz, Alex Berasategi, Haizea Salegi eta Jon Olaizola argazkilarien irudiei jarri beharko dizkiete hitzak, eta irabazleak 150 euroko saria eskuratuko du.

Duela aste batzuk abiatu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak Irudhitzen lehiaketaren seigarren edizioa. 2023. urteko egutegia osatzeko bidean, Uztarriak herriko sei argazkilariren kolaborazio bidez osatu ditu argazkiak, eta, orain, irudi horiei hitzak jarri behar zaizkio.

Hala, azpeitiarren irudimena eta sormena lantzea helburu duen lehiaketak gaur itxiko du hitzak aurkezteko epea. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Alberto Beloki, Nora Alberdi, Alaitz Ruiz, Alex Berasategi, Haizea Salegi eta Jon Olaizola argazkilarien irudiei jarri beharko dizkiete hitzak. Ipuin laburrak, narrazioak, bertsoak, olerkiak, esaldiak, hitz jokoak... aurkez daitezke testuen lehiaketara. Honako lotura honetan ikus daitezke 2023ko egutegirako aukeratutako argazkiak.

Lehiaketarako osatutako epaimahaiak aurkeztutako testu guztien artean hamabi hautatuko ditu, eta horietako bat izango da testu irabazlea; haren egileak 150 euroko saria eskuratuko du.

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak.
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi: argazkiaz, horren gainean egindako hausnarketaz, irudiak eragiten dionaz, sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez ehun hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak.
  • Gaur, azaroak 30, da testuak bidaltzeko azken eguna, eta honako helbidera bidali behar dira testuak: irudhitzen@gmail.com.