Gutuna

San Martin egoitzako erlojua dela eta

Maria Asun Odriozola Jauregi (Imanol Azkueren alarguna) 2022ko aza. 29a, 09:35
Imanol Azkue, 2005ean, desmuntatzen ari ziren erlojuaren esferaren ondoan. (Utzitakoa)

Maria Asun Odriozolak gutun hau idatzi du, Azpeitiko Udalak San Martin egoitzako ordularia eraberrituko duela azalduz emandako informazioaren harira.

Harri egina gelditu naiz orain dela egun batzuk Uztarrian San Martin egoitzako erlojuari buruzko artikulua irakurri dudanean. Duela ia mende erdia, eraikin berria egiteko, gorde zutela erlojua zioen artikulu hark. Eta udaleko ordezkari bat azaltzen zen bertan, ondare "publikoaren" zaindari gisa.

Baina datu horiek zuzenak ez direnez, egia argitzea nahiko nuke.

2005eko abuztuan, Miserikordiako eraikin zaharra bota aurretik, kendu zituzten erlojuak. Erlojuetako bat Artzubia hiribideko aldean zegoen eta bestea barrualdeko patioan, eta biek makina berarekin funtzionatzen zuten, ongi gainera (datu hauek horrela jasotzen dira 2008ko urriaren 7ko Urola Kostako Hitzan, norbaitek kontsultatu nahi badu ere, eta orduan ateratako argazkiak ere eskuragarri ditut). Beraz, kontuak eginez gero, 17 urte bakarrik pasatu dira, ez mende erdia.

Erloju hori beti oso ondo zainduta egon zen, eta kentzeko momentua heldu zenean ere, egin beharreko kontsultak egin ondoren eta udalaren laguntzarik gabe, lan handia hartuz, piezaz pieza desmontatu eta gorde zen, obrak bukatutakoan berriro jartzeko asmoarekin. Kontuak kontu, hori ez zen posible izan.

Azpetiko Udala ez da orain arte gehiago preokupatu erloju horrekin, nahiz eta orain izugarrizko aurkikuntza egin duela dirudien. Eskerrak garai hartako batzordeko jendeak egin zuen lan hori musutruk.

Oso ondo iruditzen zait udala orain arduratzea, izugarrizko balioa duen erlojua baita. Eta ongi gordeta zegoela ere aitortzen da. Eskerrak meritu guztia ez duten beraiek hartzen. Azkenik, ondare publikoa dela dio artikuluak. Erlojua San Martin egoitzako ondarea zen, eta oraindik da. Azpeitiko Udalak gure herriak duen altxor hori kontserbatu eta berriro ere martxan jartzea nahi badu, ideia zoragarria iruditzen zait, baina ez litzateke gaizki egongo berriro bertan kokatzea.

Udala, ondare "publikoaren" salbatzaile bezala azaldu aurretik, ongi informatzea gustatuko litzaidake, eta informazio zuzena ematea. Zoritxarrez garai hartako jende asko falta da. Baina oraindik ere, nahi izanez gero, lehen mailako informazioa duen jendea badago. Nahi izanez gero.

Langileak Miserikordiako eraikin zaharretik kanpaiak kentzen, hura bota aurretik. (Utzitakoa)