Guuk Gipuzkoa Basketek irabazi du Juaristi ISBren aurkako derbia

Andoni Elduaien 2022ko aza. 28a, 10:15
Nathan Hoover izan zen ISBko gizonik onena. (FEB)

Bikain ekin zion neurketari Juaristi ISBk, baina atsedenaldira hamahiru puntu behetik joan ziren. Egoera irauli zuen gero Mikel Odriozolaren taldeak, markagailuan aurretik jartzea lortuta, baina amaieran Guuk Gipuzkoa Basketentzat izan zen partidako puntua.

Guuk Gipuzkoa Basketek lortu zuen gipuzkoarren arteko derbiko puntua atzo, igandea, Angulas Aguinaga Arenan. 85 eta 76 galdu zuen Mikel Odriozolak zuzentzen duen Juaristi ISBk Donostian. Ondo hasitakoa okertu egin zen bigarren laurdenean ISBrentzat. Laugarren laurdenean ISBk aurrea ere hartu zun markagailuan, baina, azkenean, esku hutsik itzuli ziren handik etxera.

Lehen laurdenean, nagusi izan zen Juaristi ISB (21 eta 25). Guuk Gipuzkoa Basket taldeak, ordea, neurria hartu zion neurketari gero; izan ere, partzial gogorra jaso zuen ISBk bigarren laurdenean —12 eta 0—, eta hala lortu zuten markagailuari buelta ematea Donostiako taldeak; ISBk 33 puntu jaso zituen partidako bigarren laurdenean, eta atsedenaldira hamahiru puntu goitik iritsi zen Guuk Gipuzkoa Basket (54-41).

ISBk ez zuen bururik jaitsi, ordea, eta defentsa lan onari esker eta erasoan asko asmatuta, hiru puntura hurbildu zen Azkoiti-Azpeitiko taldea hirugarren laurdenaren amaieran. Laugarren laurdenean, berriz, aurretik jartzea ere lortu zuten Odriozolaren mutilek (73 eta 75), baina etxekoak aurkaria estutzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka, eta donostiarrek jarritako zailtasunekin egin zuen topo ISBk. 76na berdinduta egon ziren arren, handik aurrera Guuk Gipuzkoa Basketek lortu zituen saskiratze guztiak, harik eta neurketa 85 eta 76 amaitu zen arte.

Hoover izan zen ISBko gizonik onena atzo. Estatubatuarrak 26 puntu saskiratu zituen eta 24 puntuko batez bestekoa lortu. Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak gogor borrokatzen jarraitu beharko du, sailkapenaren azken aurreko postuan baitago garaipen bakar batekin. Datorren larunbatean, 18:00etan, Tau Castello taldea izango dute arerio; sailkapenean garaipen bat gehiago duen taldea da Tau Castello. Domusa Teknik ISBk, aldiz, atseden asteburua izan du. Joseba Lizarralderenek ere larunbatean, 18:00etan, jokatuko dute Lima-Horta Barcelona taldearen aurka Bartzelonako Pabello Virolai kantxan.