Txema Foronda eta Gorka del Cid nagusi, Udazkeneko I. Klasikoan

Julene Frantzesena 2022ko aza. 27a, 15:26
Klasikoaren podiumeko irudia.

Atzo, zapatua, egin zuten auto klasikoen udazkeneko rallyaren lehen edizioa Azpeitian, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. 52 bikotek parte hartu zuten proban, eta horiek erlojupeko sei zati egin behar izan zituzten. Foronda eta del Ciden ostean sailkatu ziren Gorka Bollar eta Joseba Rodriguez nahiz Ion Araneta eta Jon Araneta.

Udazkeneko I. Klasikoaren lehen edizioko txapeletako bat etxean gelditu da. Izan ere, Txema Foronda bizkaitarrak eta Gorka del Cid azpeitiarrak irabazi dute probaren lehen edizioa. Atzo, zapatua, egin zuten auto klasikoen rallya Azpeitian, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta.

52 bikotek parte hartu zuten proban, eta horiek erlojupeko sei zati egin behar izan zituzten. Lehen bost zatiak Forondak eta del Cidek irabazi zituzten, eta abantaila hori nahikoa izan zitzaien probaren amaierarako. BMW 325ix autoarekin klasikoen rallyetan daukan abilezia erakutsi zuen Forondak, eta ez zien ezertarako aukerarik utzi gainerako pilotuei. Kopilotu lanetan Maykel del Ciden biloba izan zuela eta, "ilusio ikaragarria" egiten ziola aitortu zuen pilotuak sari banaketa ekitaldian.

Bigarren, berriz, Gorka Bollar eta Joseba Rodriguez sailkatu ziren (Honda CRX), nahiz eta erlojupeko hirugarren zatian denbora galdu eta sailkapenean atzera egin zuten. Hirugarren, berriz, Ion Araneta eta Jon Araneta iloba-osabak izan ziren, eta haiek ere lasterketa bikaina egin zuten Mercedes 190 2.3 16V autoarekin.

Mailakako emaitzak honako hauek izan ziren: 80ko hamarkadako autoetan, David Carrero eta Jon Alvarez (Renault 5 Alpine Turbo); 7oeko hamarkadakoetan Josu Araneta eta Ion Iturri (Porche 911) eta kilometro neurgailuan zero gehien dituzten autoen artean Diego Lopez eta Adran Martinez de Pancorbo (VW Golf). Lagun Artearentzat izan zen eskuderia onenaren saria, eta Jexux Aranetak jaso zuen oroigarria.