Juan Carlos Ribelles omenduko dute aurtengo Tuba Jaialdian

Julene Frantzesena 2022ko aza. 27a, 09:29
Tuba Jaialdiaren sustatzaileak. (Tuba Jaialdia)

Egitasmoaren XI. edizioa izango da aurtengoa. Abenduaren 9an eta 10ean izango da jaialdia. Askotariko ekintzak antolatu dituzte egun horietarako, eta zabalik da horietako batzuetan izena emateko epea; besteak beste, masterclassean eta Tuba Egunean.

Bi urteko etenaren ostean, Tuba bizi, musika bizi leloarekin egingo dute aurtengo Tuba Jaialdia. Egitasmoaren XI. edizioa izango da aurtengoa, eta Juan Carlos Ribelles zuzendariak egindako lana aitortzeko baliatuko dute hitzordua. Gainera, askotariko ekintzak antolatu dituzte, tubaz eta musika doinuez gozatzeko.

Abenduaren 8tik 11ra bitartean egingo dituzte Tuba Jaialdiko ekintzak. Hain zuzen ere, jaialdiaren aurreko hamar edizioetako argazkiekin –Alaitz Ruizen, Alberto Belokiren eta Borja Eizagirreren argazkiak– osatutako erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean. Gainera, Oscar Abella Euskal Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlariak osatutako tubaren historiari buruzko panelak ere jarriko dituzte han.

Abenduaren 9an, ostiralez, hasiko dira musika doinuak. Zehazki, Joaquin Diaz Gasteizko bandako tuba bakarlariak, Jose Martinez Espainiako Orkestrako tuba bakarlariak eta Edu Ruano Zaragozako kontserbatorioko irakasleak masterclass bat eskainiko dute 16:00etatik 19:00etara, Udal Musika Bandaren Soreasuko egoitzan. Saio horretan parte hartu nahi duten honako lotura honetan izena eman eta 30 euro ordaindu beharko dituzte. Horren ostean, 19:00etan, jaialdiko lehen kontzertua eskainiko dute Joaquin Diazek eta Joana Otxoak, Soreasu antzokian. Tuba eta piano doinuak uztartuko dituzte bi musikariek emanaldian.

Tuba Eguna, hilaren 10ean

Tuba Eguna, berriz, abenduaren 10ean, zapatuan, izango da. Egun osoan zehar tubaren bueltako hainbat ekitaldi izango dira. 09:00etan, esaterako, beroketak eta arratsaldeko kontzerturako entsegua egingo dute, Udal Musika Bandaren egoitzan. Gainera, 10:30ean hasita, Oscar Abellak eta David Jimenezek entzunaldi berezia eskainiko dute Soreasu antzokian. Bazkal aurretik, 13:00etan, Duo2arts taldeak eta David Jimenezek Historias de juventud izeneko dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute Soreasun.

Bazkalostean, iluntzeko kontzerturako azken entsegua egingo dute parte hartzaileek. Izan ere, 19:00etan, Azoka Plazan eskainiko dute tuba eta bonbardino bandaren kontzertua, Beñat Etxaberen gidaritzapean. Tuba Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, emanaldia "oso berezia" izango da, Juan Carlos Ribelles zuzendaria omentzeaz gain, Donostiako Easo Txiki abesbatzak ere parte hartuko duelako.

Tuba Egunean parte hartu nahi dutenek 30 euro ordaindu beharko dute, eta aurreko eguneko masterclassean eta bietan izena ematen dutenek, 60 euro beharrean –masterclassak 30 euro balio ditu– 50 euro ordainduko dituzte.