Herriko sortzaileen azoka antolatu du Orkatzek iganderako

Julene Frantzesena 2022ko aza. 28a, 09:01
Iazko herriko sortzaileen azokako irudi bat.

Goizez eta arratsaldez izango da irekita azoka; 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Azpeitiko eta inguruko herrietako sortzaileen askotariko lanak izango dira azokan. Aurten, gainera, bi berrikuntzarekin iritsiko da egitasmoa: jantoki zerbitzua eskainiko dute eta musika emanaldia izango da.

Herriko sortzaileen azoka antolatu du Orkatz kultur elkarteak iganderako. Aurtengoa egitasmoaren hirugarren edizioa izango da, eta aurrekoetan bezala, Azoka Plazan egingo dute. Goizez eta arratsaldez izango da irekita azoka, eta aurten, gainera, izango da berrikuntzarik: jantoki zerbitzua eskainiko dute eta musika emanaldia izango da.

Azpeitiko eta inguruko herrietako sortzaileen askotariko lanak izango dira azokan, hala nola ilustrazioak, arropa, serigrafia, osagarriak, bitxiak, makrame lanak, keramika, string art lanak, jostailuak nahiz liburuak. Horiek honako sortzaile edo marka hauek eramango dituzte Azoka Plazara: Biziki, Keizpe, Kiribil, Malen Amenabar, Marrak, Oihele, Harri hari, Kike, Magnoliand, Ane, Endredamakina, Ametsen Txokoa, AMLU, Kaori eta Garbiñe Larrea.

Azoka 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 19:30era egongo da irekita, eta aurten, gainera, Azoka Plazaren barruan mokadua egiteko aukera izango da. Izan ere, Ekotaloakek taloak prestatuko ditu. Azokaren antolatzaileek azaldu dutenez, betiko taloetatik desberdintzen diren talo "berezi eta goxoak" prestatuko dituzte. Gainera, Elikaguneko barra irekita izango da, zero kilometro edariak eskaintzeko. Azoka itxi aurretik, 18:00etan, Hertzainak taldearen bertsioak jotzen dituen Txalainak taldeak kontzertua eskainiko du Azoka Plazan bertan.