Azaroaren 25a

Ikastetxeetan ere gogoan izan dute Azaroaren 25a

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 25a, 16:45

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean, ikasle gazteenek leloak landu eta muralak, pankartak zein kartelak margotu dituzte gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Urola Ikastolan, berriz, aurreko egunetan landu dute gaia.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko aldarriak eta kontzientziazio lana Azpeitiko eskoletako geletara iritsi dira aurten ere. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean, ikasle gazteenek leloak landu eta muralak, pankartak zein kartelak margotu dituzte gaur, Azaroaren 25ean.

Gaurko data seinalatuaren atariko lanak ere egin dituzte ikastetxeetan aurreko egun eta asteetan. Horrela, Urola Ikastolan ikastetxeko espazioen gainean hausnartzeko aukera eskaini diete ikasleei, deserosoak egiten zaizkien guneak identifikatzeko, zergatik aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko. Irakasleek, berriz, Maskulinitate eredu berriak izeneko formakuntza jaso dute.