Ostegunean hasiko dira Landetako San Eloi jaiak

Julene Frantzesena 2022ko aza. 29a, 09:01
2019ko saneloietako irudi bat.

San Eloi eguna izango da etzi, eta auzo bazkaria eta mus txapelketa egingo dituzte. Igandean, berriz, zezen txikiak eta poniak izango dira, eta ondoren, herri kirol erakustaldia.

Ostegunean, San Eloi egunez, hasiko dira Landetako festak. Auzo bazkaria eta mus txapelketa egingo dituzte egun horretan. Hain zuzen ere, Laubide jatetxean egingo dute auzo bazkaria, eta bertsolariak nahiz trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. 21:30ean hasita, berriz, mus txapelketa izango da Mendizabal erretegian. Izena emateko epea 20:30ean zabalduko dute, eta hainbat sari banatuko dituzte lehia amaitzean. Zehazki, txapelketaren irabazleek 300 euro eta txapelak jasoko dituzte; azpitxapeldunek 200 euro; hirugarren sailkatzen den bikoteak arkume bat eskuratuko dute; eta laugarren postua lortzen dutenek, berriz, bi lagunentzat afaria irabaziko dute.

Jaiek igandean segituko dute. 12:00etan Lopene ganadutegiko zezen txikiak eta poniak izango dira auzoan, eta 13:00etan hasita herri kirol erakustaldia egingo dute. Aizkoran ariko dira txanda librean nahiz elkarren kontra Otaño eta Txikia IV.a, Larrañaga eta Mendizabal nahiz Patxi Mindegia eta Xuban Kañamares. Harrijasotzen, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.ak, Xabier Aranburuk eta Olaia Esnaolak jardungo dute. Gainera, motozerrarekin kanaerdiko enborrak ebakitzen erakustaldia eskainiko dute. Bestalde, bertsolariak eta trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.