Udazkeneko I. Klasikoa jokatuko dute bihar 50 auto gidarik

Nerea Uranga 2022ko aza. 25a, 11:00
50 auto gidarik parte hartuko dute biharko proban, 25 urtetik gorako autoekin. (Argazkia: Lagun Artea eskuderia)

50 autok parte hartuko dute Lagun Artea eskuderiak eta Urraki eskuderiak antolatutako proban. 200 kilometro baino gehiago egin beharko dituzte parte hartzaileek Gipuzkoan zehar.

Autozaleentzako proba berri bat antolatu dute Lagun Artea eta Urraki eskuderiek biharko, Azpeitian: Udazkeneko Azpeitiko I. Klasikoa. 50 auto gidarik parte hartuko dute, 25 urtetik gorako ibilgailuekin.

11:15ean hasiko da proba Azpeitian, eta Gipuzkoako errepideetatik barrena, 200 kilometro baino gehiago egin beharko dituzte partaideek. Ibilbidearen lehen zatia Etumetan egingo dute, 28 kilometroko bidea osatuz. Ondoren, Pagoetako zatiaren txanda izango da. Segidan, Ñañarri-Gaintza bide zati berezia osatu beharko dute auto gidariek, eta Gabiriko Korta erretegian geldituko dira bazkaltzeko. Klasikoaren bazkalondoko lehen zatia, 16,61 kilometrokoa, Udanan egingo dute. Hurrengo erlojupeko zatia, berriz, Kanpazarren izango da, eta bukatzeko, Bergaran Gorlako bide zatia osatu beharko dute. Probaren ibilbide osoa Azpeitiko epaitegi aurreko aparkalekuan amaituko dute, 18:00 aldera.

50 auto gidarik parte hartuko dute bihar jokatuko den proba berrian. Horien artean daude Gorka Bollar eta Joseba Rodriguez; iaz Azpeitiko Rallya irabazi zuten 1988. urteko Honda CRX autoarekin. Azpeitian behin baino gehiagotan txapela irabazi duen Txema Forondak Gorka del Cid kopilotu duela irtengo du biharko klasikoan, 1988ko BMW 325ix autoarekin. David Carrero eta Jon Alvarez Gasteizko bikotea ere garaipenetik gertu ibili izan dira azken probetan, eta biharkoan Azpeitikoan izango dira Renault 5 Alpine Turbo (1984) autoarekin. Partaideak nabarmentzeaz gainera, klasikoan aterako direnen artean auto ikusgarriak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek, hala nola Jagoba Agirreren Alpine A-110 (1970), Oscar Bernalen Fiat X1/9 (1975) edota auto modernoagoak diren Iker Cruzen Mitsubishi Lancer EVO V, Iker Arrateren Ford Cosworth edota Mikel Urbizuren VW Golf Rallyea.

Auto klasikoen biharko probaren emaitzak cronorally webgunean jarraitzeko aukera izango dela azaldu dute antolatzaileek.