Iñaki Segurolaren heriotza

Iñaki Segurola gogoratzeko ekitaldia egingo dute abenduaren 10ean Durangon

Anartz Izagirre 2022ko aza. 26a, 08:50
Iñaki Segurola, Dinamoan. (Ihintza Elustondo)

Iñaki Segurola etorriko ez litzatekeen ekitaldia (bera gogoan egingo duguna) deituriko oroimen ekitaldia egingo dute datorren abenduaren 10ean Durangoko Museoan. Literaturaren eta kulturaren arloko hainbat kidek parte hartuko dute bertan, eta haren literatur ibilbideaz arituko dira hizketan. Bertan izango da Segurolaren alargun Garbiñe Larrea ere.

Joan zen apirilean hil zen Iñaki Segurola Ogrue (Azpeitia, 1962), baina bere itzalak hor jarraitzen du. Duela bi hilabete plazaratu zuten hura hil osteko liburua, Ganorexiaeta datorren abenduaren 7tik 11ra egingo den Durangoko Azokan ere nabarituko da bere presentzia. Izan ere, Iñaki Segurola etorriko ez litzatekeen ekitaldia (bera gogoan egingo duguna) deituriko oroimen ekitaldia egingo dute abenduaren 10ean, 18:00etan hasita, Durangoko Museoan.

Alberdania argitaletxeak antolatu du saioa —sei liburutik bost argitaletxe harekin publikatutakoak dira—, eta literatura eta kultur arloko hainbat kidek parte hartuko dute bertan; Jon Artanok zuzenduko du ekitaldia, eta besteak beste, Joseba Sarrionandia, Beñat Muguruza, Inazio Mujika, Miren Azkarate eta Ekaitz Goikoetxea izango dira saioan. Bertan izango da Segurolaren alargun Garbiñe Larrea ere.

Segurolaren lanetatik abiatuta, bere literatur ibilbidearen irakurketa eta hausnarketa egingo dute horiek ekitaldian. Bestalde, Arantxa Iturbe kazetariak irrati-kolaborazioa egingo du, eta Iñaki Bastarrikak bakarrizketa. Ekitaldia Haritz Garmendiak eta Izerrek bukatuko dute, Laja eta Landakandaren Gure estuasunak abestia joaz.