Ireki dute Gabonetako XI. Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko aza. 24a, 10:26
Gabonetako X. Erakusleiho Lehiaketaren irabazleen argazkia. (Anartz Izagirre)

Dagoeneko zabalik dago Bertanek eta udalak antolatzen duten Gabonetako XI. Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea, eta abenduaren 9a izango da horretarako azken eguna. Azpeitiko saltoki guztiek dute parte hartzeko aukera, eta horiek abenduaren 9rako erakusleihoak prest izan beharko dituzte.

Bueltan da beste urte batez Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak antolatzen duten Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa. XI. edizioa izango da aurten egingo dutena, eta dagoeneko zabalik dute saltokiek lehiaketan izena emateko epea. Abenduaren 9a izango da horretarako azken eguna —egun hori barne—, eta horiek hainbat modu dituzte izena emateko: Bertanera deitu (943-02 56 73 edo 688 82 39 44); bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali; Azpeitiko Udalaren Kultura Sailera deitu (943-15 70 68) edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidali.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Azpeitiko saltoki guztiek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera, Bertan merkatarien elkarteko kide izan ala ez. Abenduaren 9rako prest egon beharko dute saltoki horietako erakusleihoek, eta abenduaren 29an jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. Erakusleiho onenaren lehenengo saridunak 600 euro jasoko ditu; bigarren saria jasotzen duenak 400 euro eskuratuko ditu, eta hirugarrenak, 200 euro.

Bestalde, ohi bezala Herritarren Saria ere emango dute, eta sari hori Bertan elkartearen Facebook bidez erabakiko dute. Sare sozial horretan publikatuko ditu Bertanek parte hartu duten saltoki guztien erakusleihoak, eta atsegin dut gehien jasotzen dituenak eramango du 200 euroko saria. Gainera, atsegin dut botoiari sakatzen dioten herritar guztien artean 100 euroko erosketa bonua zozkatuko dute.

Honako lotura honetan kontsulta daitezke Gabonetako Erakusleiho Lehiaketaren oinarri guztiak. Udalak eta Bertanek lehiaketan parte hartzeko deia egin die herriko saltoki guztiei.