40. urteurrenari keinu eginez ospatu du Santa Zezilia Juan Antxieta musika eskolak

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 24a, 10:10

Juan Antxieta musika eskolak Santa Zeziliaren omenezko jaialdia egin du, eta ohi bezala, ikus-entzule ugari elkartu da Soreasu antzokian. Txalo beroekin eskertu dute horiek oholtzara igo diren ikasle zein irakasleen erakustaldia.

Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolak atzo, asteazkena, ospatu zuen Santa Zeziliaren omenezko aurtengo jaialdia. Ohi bezala, ikus-entzule ugari elkartu zen Soreasu antzokian, eta txalo beroekin eskertu zuten horiek oholtzara igo ziren ikasle zein irakasleen erakustaldia. Ikasturte berezia da 2022-2023a Juan Antxietarentzat. Izan ere, 40 urte bete ditu Azpeitiko musika eskolak, eta urteurren hori ospatuko dute ikasturtean zehar. Ospakizunen atarikoa edo lehen katebegia izan zen, hain zuzen ere, Santa Zeziliaren bueltako jaialdia.

Euskal kantu ezagunen bertsio instrumentalak zein abestutakoak izan ziren nagusi Soreasuko jaialdian, baina Abbaren doinuek ere izan zuten tartea, Ana Colinasen omenez. Musika eskolaren 40 urteetatik 38tan bertan aritu den irakasleak erretiroa hartuko du, eta lankideek omenalditxoa egin nahi izan zioten; ileorde koloretsuak jantzi zituzten guztiek, beste bat jantzi zioten omenduari, eta haren kutuna den Abba taldearen pare bat kantu abestu zituzten. Aurretik, eta urteroko ohitura jarraituz, musika eskolako ikasketak burutu dituzten ikasleei diplomak banatu zizkieten; eta atzera begira jarrita, aspaldiko jaialdietan ateratako hainbat argazki ikusteko aukera izan zuten Soreasun bildutakoek eszenatokiaren atzealdeko pantaila handian.