Eman daiteke botoa urteko kirolari onena hautatzeko

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 23a, 11:13
Iazko Kirol Sarietako taldeko argazkia.

Aurtengo Kirol Sariak banatzeko proposamenak jasota, sari horien bigarren fasea jarri dute martxan orain: azaroaren 27ra bitartean, urteko kirolariak aukeratzeko botoa eman ahal izango da. Abenduaren 17an egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak martxan dute aurtengo Kirol Sariak banatzeko prozesua. Hil honen hasieran zabaldu zuten herritarrek zein klubek hautagaiak proposatzeko epea, eta azaroaren 16ra bitartean izan dute horretarako aukera. Behin proposamen horiek bilduta, sarien bigarren fasea jarri dute martxan orain: azaroaren 27ra bitartean, botoa emateko aukera izango da. Kirol taldeek zein norbanakoek eman dezakete botoa kiroldegian eta igerilekuan horretarako jarri dituzten postontzietan, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943 15 00 95 telefono zenbakira deituta. 

Ohi bezala, hiru kategoria izango dira aurtengo sarietan: gizonena, emakumeena eta boluntario lanetan aritu diren norbanakoen edo lagun taldeen aipamen berezia. Honako lotura hauetan ikus daitezke kategoria horietako bakoitzerako izendatu dituzten hautagaiak: emakumeak, gizonak eta boluntarioak.

Epaimahaia datorren astean elkartuko da, eta jasotako proposamenetan oinarrituta aukeratuko du 2022ko Urteko Kirolaria, gizonen, emakumeen eta boluntarioen kategorietan. Sari banaketa ekitaldia, berriz, abenduaren 17an egingo dute, larunbatez. 12:00etan hasiko da saioa, eta udalak bertara joateko eskatu die hautagaiei; bestela, senitartekoren bat agertzea komeni dela adierazi du. Hautagaientzat luntxa egongo da amaieran.