'Kastellanuek' dokumentala eta 'Hooper, oilasko erbia' filma ikusi ahal izango dira asteburuan Soreasun

Julene Frantzesena 2022ko aza. 23a, 08:00
'Hooper, oikasko erbia' filmeko irudi bat.

Francoren diktaduran Espainiatik Azpeitira etorri ziren herritarrak protagonista dituen Kastellanuek ikus-entzunezkoaren estreinaldia izango da zapatuan, eta astelehenean ere emango dute dokumental hori. Igandean, berriz, umeei zuzendutako Hooper, oilasko erbia animaziozko filma ikusi ahal izango da.

Asteburuan dokumental bat eta haurrei zuzendutako film bat ikusi ahal izango dira Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, Jon Maiak zuzendu duen eta Francoren diktaduran Espainiatik Azpeitira etorri ziren herritarrak protagonista dituen Kastellanuek ikus-entzunezkoaren estreinaldia izango da zapatuan, 18:00etan, eta astelehenean ere emango dute dokumental hori, 21:00etan hasita. Emanaldi horietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.

Bestalde, igande arratsaldean haurrei zuzendutako animaziozko film bat ikusi ahal izango da: Hooper, oilasko erbia. 16:30ean hasiko da Ben Stassenek Belgikan aurten ekoiztutako ikus-entzunezkoaren emanaldia. Sarrerak, berriz, honako lotura honetan eskura daitezke, 4,5 eurotan.

Honako hau da film horren sinopsia: "Hopper Pedro erregearen seme adoptatuaren istorioa kontatzen du. Erdi oilasko eta erdi erbi jaio zen abenturazale ospetsua. Ezberdintasunak alde batera utzi eta onartua izateko irrikaz, Hopper abentura zirraragarri batean murgilduko da bere zerbitzari leial Abe dortoka sarkastikoarekin eta Meg borroka arteetan aditua den mofeta ausartarekin batera, Iluntasunaren Hamsterra izenez ezagutzen den erlikia gutiziatuaren bila. Hirurek erronka handi bati egin behar diote aurre, erresumako bakea mehatxatzen duen eta duela gutxi kartzelatik ihes egin duen Lapin bilauak baino lehenago iritsi behar dutelako".