Asteburuan garaipenik ez ISBren bi talde nagusientzat

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 21a, 11:46
ISB eta Morabanc Andorraren arteko partidako irudia, atzo Elkargunean. (Mikel Amenabar)

Atzo jokatu zituzten asteburuko partidak Domusa Teknik ISBko neskek eta Azkoitia-Azpeitia ISBko gizonezkoek. Emakumezkoei azken unean egin zien ihes garaipenak, eta 60-59 galdu zuten La Cordá de Paterna NBren aurka jokatutako partida. Gizonezkoek, aldiz, 70-97 galdu zuten Andorraren aurka etxean jokatutako neurketa. 

Joan berri den asteburua ez da gozoa izan ISBren bi talde nagusientzako; izan ere, ezin izan dute garaipenik poltsikoratu. Atzo, igandez, jokatu zituzten ligako partidak Domusa Teknik ISB neskek eta Azkoitia-Azpeitia ISBko gizonezkoek. Emakumezkoek Valentzian jokatu zuten LF Challenge ligako neurketa La Cordá de Paterna NBren aurka. Gizonezkoek, aldiz, etxean hartu zuten Urrezko LEB ligako hitzordua, eta Morabanc Andorra taldearen aurka neurtu zituzten indarrak.

Joseba Lizarralderen neskek Paternan (Valentzia, Herrialde Katalanak) jokatu zuten ligako partida atzo eguerdian, 12:45ean hasita. Estu joan zen partida, eta ISBko emakumeek garaipena poltsikoan zutela zirudien arren, 60-59 amaitu zen norgehiagoka, Azkoiti-Azpeitiko nesken kalterako. 

Gizonezkoek atzo arratsaldean jokatu zuten Morabanc Andorra taldearen aurkako neurketa Azkoitiko Elkargunean. 19:00etan hasi zen neurketa, eta partida hasi aurretik Euskaraldiari atxikipena erakusteko argazkia atera zuten bi klubetako kirolariek eta entrenatzaileek. 

Morabanc Andorra nagusitasunez aritu zen partida osoan zehar; markagailuan aurretik amaitu zituzten laurden guztiak. ISBkoek ahaleginak egin zituzten arren, ezin izan zuten garaipena erdietsi, eta 70-97 galdu zuten ligako zazpigarren jardunaldiko norgehiagoka. Momentuz, partida bakarra irabazi du aurtengo denboraldian Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta sailkapeneko azkenbigarren postuan aurkitzen da.