'La carrera contra duchenne' film laburra grabatzen aritu dira egunotan Azpeitian

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 20a, 16:50

Duchenneren giharretako distrofiaren inguruko dokumentala grabatzen aritu dira asteburuan Azpeitian. Iren Reyes azpeitiarraren kasua azalduko dute ikus-entzunezkoan, eta besteak beste, Reyesen familia, haren ikastetxeko kideak nahiz fisioterapia saioak grabatu dituzte. 

La carrera contra duchenne (Ducheneren aurkako lasterketa) film laburra grabatzen aritu dira egunotan Azpeitian. Iren Reyes azpeitiarrak duchenneren giharretako distrofia du, eta gaixotasun horren inguruko dokumentala da ikus-entzunezkoa. Arantza Ibarra zinema zuzendari ondarroarra da filmaren zuzendaria, eta atzo eta gaur, Azpeitian egin dituzte grabaketak. Besteak beste, Reyesen familia, haren ikastetxeko kideak nahiz fisioterapia saioak grabatu dituzte egunotan.

Duchenneren muskulu distrofia gaixotasun sendaezina da, nagusiki haurrei eragiten diena. Muskuluen ahultasun progresiboa eragiten du, eta gaixotasun genetiko bat izanik, ez dago sendatzeko tratamendurik; beraz, sintomak murriztea eta bizi kalitatea hobetzea dira helburuak. Film laburraren bidez, gaixotasun arraro horri ikusgarritasuna eman nahi dio Ibarrak, eta ikerketa ere bultzatu nahi du.

Duchenne Parent Project erakundearen ideia izan da dokumental laburra gauzatzea, eta hiru kasu konkretu landuko dituzte; horien artean, Iren Reyes azpeitiarraren kasua azalduko dute.