Felix Gurrutxagaren ibilbideari aitortza, musika bandaren Santa Zezilia egunaren bueltako kontzertuan

Santa Zezilia eguneko kontzertua eskaini zuen atzo Udal Musika Bandak Sanagustin kulturgunean. 65 urte bete dira Felix Gurrutxaga musikaria bandan hasi zenetik, eta egindako ibilbidea txalotzeko eta aitortzeko sorpresa txiki bat egin zioten atzoko kontzertua amaitu aurretik. Juan Antxieta musika eskolako ikasleek asteazkenean eskainiko dute Santa Zezilia egunaren harirako emanaldia, Soreasun. 

Azaroaren 22an, asteartez, izango da Santa Zezilia eguna, eta urtero bezala, musikarien egunaren bueltako kontzertuak prestatu dituzte Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek. Udal Musika Banda izan da emanaldia eskaintzen aurrena; bandako kideek atzo, zapatua, eskaini zuten Santa Zezilietako kontzertua Sanagustin kulturgunean, eta dozenaka herritar bertaratu zen emanaldira. Udal Musika Bandako kideek atzoko hitzordua probestu zuten Felix Gurrutxaga bandakideari aitortza egiteko; izan ere, duela 65 urte, Santa Zezilia egunaren bueltan, hasi zen Gurrutxaga musika bandan. Atzokoan ikusleen artean zegoen Gurrutxaga, eta bandako kideek kontzertuko azken abestia eskaini aurreko unea aprobetxatu zuten ibilbide luzeko musikariari sorpresa emateko. Hunkituta agertu zen Gurrutxaga, Sanagustinen elkartutakoen txalo zaparrada artean. 

19:00etan hasi zen Udal Musika Bandaren kontzertua, eta, besteak beste, honako abesti hauek eskaini zituzten: FanfareMercuryWaltzVirginiaStreet tangoKaribeko piratak: munduaren azkenean zein Caribeando.

Asteazkenean, musika eskolakoen txanda

Juan Antxieta musika eskolako kideek, berriz, euskal doinuetan oinarritutako emanaldia eskainiko dute datorren asteazkenean, 19:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Euskal abesti ezagun ugari eskainiko dituzte musikari gaztetxoek, hala nola Euskararen txantxangorriaAske matte, Ametsetan17;21Katedral batNegua joan da taZurekin batera nahiz Udazken koloretan.