Diktadura garaian Azpeitira etorritakoen historia, 'Kastellanuek' dokumentalean jasota

Ihintza Elustondo - Urtzi Oteiza 2022ko aza. 19a, 09:00

Francoren diktadura garaian ehunka lagun etorri ziren Espainiatik Azpeitira, nagusiki Extremaduratik, eta horien historia jaso dute Kastellanuek dokumentalean. Jon Maiak ondu du lana, Azpeitiko Udalaren eskariz, eta azaroaren 26an ikusiko du argia, 18:00etan, Soreasu antzokian. Azpeitiaren historiaren zati baten protagonista izan zirenei omenaldia egitea da proiektuaren helburua.

Memoria ariketa bat egitera dator Kastellanuek dokumentala. Francoren diktadura garaian ehunka pertsona etorri ziren Espainiatik Azpeitira, nagusiki Extremaduratik, eta horien historia jaso dute ikus-entzunezkoan. Horrela, Azpeitiaren historiaren zati baten protagonista izan zirenei omenaldia egin nahi izan diete. Jon Maiak ondu du lana, Azpeitiko Udalaren eskariz, eta azaroaren 26an ikusiko du argia, 18:00etan, Soreasu antzokian. Atzo –ostirala– egin zuten dokumentala aurkezteko agerraldia udaletxean, eta han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Jon Maia dokumentalaren egilea eta ikus-entzunezkoan agertzen diren Filo Perez, Felipe Murillo eta Irune Boo.

Alkortak azaldu zuenez, Francoren diktaduran jende asko etorri zen Azpeitira, nagusiki Extremadurako Valle de la Serenatik. "Garai zailetan etorri ziren, bizitza hobe baten bila. Ez da erraza haiek egin zutena egitea, ez delako erraza norbere bizimodua utzi eta hizkuntza ezezagun bat hitz egiten den leku ezezagun batera joatea. Ehunka etorri ziren Azpeitira, Sanjuandegira, eta bertan errotu dira; azpeitiarrak dira. Hasierak ez ziren errazak izan haientzat, eta seguru asko guk ere ez genien erraza jarri, dokumentalean ikusiko den bezala. Ikus-entzunezkoan gauza ederrak eta politak azaltzen dira, baina baita gazi-gozoak ere". Dena den, haren arabera, denborarekin elkar ezagutuz joan dira herritarrak, eta "zubi batzuk eraiki" dira: "Denon artean osatutako herri bat egitea lortu da". Dokumentalaren asmoa aitortza egitea dela nabarmendu zuen alkateak. "Azpeitiar horiek beren lekua izan dute Azpeitiko historian, eta hori aitortu nahi zaie".

Ondoren, Maiak hartu zuen hitza. Hark adierazi zuenez, "ilusio handia" egin dio proiektuak, eta bere "parte bat" utzi du lana garatzerakoan. Dokumentalak haren bizitzarekin duen loturan jarri zuen arreta: "Azken finean, nire familiaren historia da. Nire bizitzan oso presente dagoen gaia da Francoren garaian Euskal Herrira egin zen immigrazioa. Gerra galdutako milaka pertsona migrante gerra galdutako herri batera etorri ziren, non bertako identitate adierazpide oro eta bertako hizkuntza jazarriak, debekatuak eta baztertuak ziren. Gaur egun ere zaila da inklusiorako, integraziorako, baldintzak izatea, eta diktadura militar baten markoan, are gehiago".

Estereotipoak deseraikitzen

Maiaren nahia da, dokumentalaren bidez, etorri zen jende horren gaineko estereotipoak eta aurreiritziak desmuntatzea. "Dokumental hau horretarako egina da; elkar ezagutzeko, elkarren historia partekatzeko, eta etorri ziren horiek Azpeitiaren historiaren errelatoan behingoz integratzeko. Esango nuke Euskal Herri guztietan egin beharreko lan bat dela oraindik. Pertsona horiek gure herrien historiaren, gure kulturaren, gure hizkuntzaren nahiz gure identitatearen eboluzioaren parte dira, eta gure errelatoan egon behar dute".  Dokumentalak historiaren parte bat jasotzen duen arren, ikus-entzunezkoa ez dela "iraganari begiratzeko ariketa bat" azpimarratu zuen. "Etorkizunari begiratu nahi dion ariketa da. Iraganetik ikasi eta etorkizun hobea eraikitzeko ariketa da, baina batez ere, elkar ezagutuz, etorkizuneko erronka handiak gutxieneko adostasunetan eraiki eta gainditu ahal izateko ariketa da, behar-beharrezkoa euskararen normalizaziorako nahiz eskubide sozial, linguistiko, indibidual eta kolektiboen konkistarako. Nire ustez, elkar ezagutzea da bidea, biderik zuzenena, aurreiritziak eta estereotipoak desmuntatzeko".

Euskaraldia hasten zen egun berean egin zuten dokumentalaren aurkezpena, eta horri erreferentzia egiteko ere baliatu zuen abagunea Maiak. "Gaur Euskaraldia hasten da, eta dokumental honetan euskarak duen presentzia nabarmendu nahiko nuke. Etorri ziren milaka horietako askok euskarari ekarpena egin diote, gure hizkuntza ikasiz edo beren seme-alabei ikasaraziz; hor egin du aurrera euskarak batez ere, jende horrekin. Eta zer inportantea den euskara inklusiorako eta integraziorako, esango nuke ate nagusia dela. Etortzen den migrante oro komunitate kultural baten parte sentiarazten du gure hizkuntzak, eta komunitate kultural baten beroa ematen dio datorrenari".

Jon Maia, Irune Boo, Felipe Murillo, Filo Perez eta Nagore Alkorta, dokumentalaren kartelarekin. (I. E.)

Maiak ondutako seigarren dokumentala da Kastellanuek, eta saiatu da lan horretan bere "estiloa eta begirada pertsonala" mantentzen. Ikus-entzunezkoa ikustean, azpeitiarrak, agian, harritu egingo direla esan zuen. "Beste Azpeitia bat ezagutuko dute, Azpeitiren beste historia bat, Azpeitiaren beste errelato bat, Azpeitiaren barruan dagoena, baina beharbada beraientzat ezezaguna izan dena beti". Era berean, Azpeitira etorri ziren haien lurra ezagutuko dute ikus-entzuleek. "Extremaduran izan ginen dokumentala grabatzen, eta horrek berebiziko garrantzia du. Batez ere, Valle de la Serenatik etorri ziren Azpeitira, eta han ibili gara grabaketak egiten; hango alkatea ere azaltzen da, esaterako". Herritarrek beti entzun izan duten el pueblo hori ezagutuko dutela ere nabarmendu zuen, eta haren arabera, ez da azpeitiarrek buruan izango dutena: "Sorpresa hartuko dute". Artxiboko irudi asko baliatu dituela ere adierazi zuen: "Garai bateko Azpeitia asko ikusten da, eta hori oso polita izango da azpeitiarrentzat. Uste dut emozio handiko eguna izango dela azaroaren 26a".

Dokumentalak hainbat hausnarketa biltzen ditu, egilearen arabera: "Hizkuntzaz, identitatez, klasismoaz... hausnartzen da ikus-entzunezkoan". Horren harira, Azpeititik kanpo ere, edonon ikusteko moduko dokumentala dela nabarmendu zuen. "Nahiz eta Azpeitian kokatzen den historia, Euskal Herri osorako balio duten hausnarketak egiten dituzte protagonistek". Dokumentalean agertzen direnak ez ezik, falta direnak ere gogoan izan zituen Maiak. "Nahiz eta etorritako asko dagoeneko ez dauden gure artean, haientzat ere omenaldi bat izango da iku-entzunezkoa. Gure abuelo eta abuela haiek eta gure aita eta amek egindakoari esker gaude gu hemen, zuei euskaraz hau aurkezten", esan zuen.

"Bizikidetzaren aldeko apustua"

Boo da dokumentalean agertzen den azpeitiarretako bat, eta hark bere esperientzia azaldu zuen. "Hezurbeltzak musika taldearen harira ezagutu nuen Jon. Gaztea nintzela, gaur egun nire auzoan bizi den pertsona batek Hezurbeltza deitzen zidan, eta Jonen taldea ezagutu nuenean, egundoko zirrara eragin zidan. Bera asko jarraitzen nuen betidanik; izan ere, pixka bat identifikatuta sentitu naiz berarekiko. Nire aita galiziarra da, ama, berriz, Palentziakoa, eta ni Azpeitian jaioa. Beti azpeitiarra eta euskalduna sentitu naiz, baina nire bizitzako une batean, zalantzak izan nituen: ez ote nintzen nahikoa euskaldun pentsatzen nuen, B klasekoa ote nintzen, eta neure buruari galdetzen nion zer behar zen benetako euskalduna izateko. Gainera, gaztetan, eskolan, institutuan bereziki, bazterkeria moduko zerbait bizi izan genuen Sanjuandegikoak izateagatik, kastellanuen etxekoa izateagatik... Dokumentalean parte hartzeko Jonen gonbidapena jaso nuenean, zalantza egin nuen: 'Orain gauza horiek kontatzen baditut, zer esango du jendeak?'. Baina, azken finean, Azpeitian gertatu den zerbait da hori". Beraz, animatzea erabaki zuen, gaiaz hitz egitea "pixka bat terapeutikoa" ere izan zitekeela pentsatuta. "Iruditzen zait oso lan polita egin duela. Bizikidetzaren aldeko apustua dela uste dut".

Ordu eta erdi inguru irauten du dokumentalak, eta dagoeneko ikusgai dago trailerra, beheko bideoan. Hogei lagun ingururen testigantzak bildu dituzte ikus-entzunezkoan. 2020ko uztailean hasi ziren grabaketekin, baina izurriak prozesua "zaildu eta luzatu" duela nabarmendu zuten, eta uste baino gehiago luzatu dela emaitza aurkezteko eguna. Dena den, estreinaldiak badu data: dokumentalaren aurkezpena azaroaren 26an egingo dute, Soreasu antzokian, 18:00etan. Bigarren aurkezpen bat ere egingo dute, azaroaren 28an, 21:00etan, leku berean. Gonbidapenak dagoeneko eskura daitezke Sanagustin kulturgunean nahiz Internet bidez, lotura honetan.