Martxan da 'Hitzez Ekin Euskaraldian' galdera-erantzunen jolasa

Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 13:30

Euskaraldiari bultzada emateko, galdera-erantzunen jolasa antolatu dute Uztarria.eus-ek eta Azpeitiko Euskaraldiak elkarlanean. Jokoa martxan da dagoeneko, eta hainbat galdera erantzun ahal dituzte herritarrek Euskaraldiak irauten duen bitartean. Bi sari irabazi ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Gaurtik abenduaren 2ra ospatuko da aurtengo Euskaraldia, eta epe horretan, Hitzez Ekin Euskaraldian galdera-erantzunen jolasa egingo du Uztarriak, Azpeitiko Euskaraldiko batzordearekin elkarlanean, Euskaraldiari bultzada emateko. Hainbat galdera erantzun ahal izango dituzte herritarrek –galdera guztiak erantzun behar dira, baina horretan igarotako denbora ez da kontuan hartuko– Euskaraldiak irauten duen bitartean.

Euskararen aldeko egitasmoa bukatzean, jokoaren sustatzaileek hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Galdera guztiak zuzen erantzuten dituzten herritarren artean Euskaraldiko produktuen sorta eta urtebeteko Hitzakide harpidetza zozkatuko dituzte –Euskaraldiaren saria– , eta parte hartzaile guztien artean, berriz, Errigoraren saski bat –Uztarriaren saria–.

Animatu eta parte hartu galdera-erantzunen jokoan!