Puzzlea osatzeko azken pieza

Julene Frantzesena (Gipuzkoako Hitza) 2022ko aza. 18a, 10:27
Hainbat herritar soinuaren eremua bisitatzen. (Mailo Oiarzabal)

Martxan da Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua, Azpeitian. Dagoeneko euren bidea egiten ari diren hitzaren, irudiaren eta gorputzaren espazioen osagarria da. Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Azpeitiko Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunea osatzeko falta zen azken eremua ere martxan da: soinuarena. Soinuaren munduarekiko interesa edo kezka duten herritarrentzako topalekua izango da hirurehun metro koadroko azpiegitura; izan ere, soinua lantzeko egokitutako espazioak nahiz baliabideak jarri dituzte eremu horretan.

Sortzeko eta entseatzeko baliagarriak diren bi soinu gela, praktika desberdinetarako bi teknika gela, ikastaroetarako eta bitartekaritzetarako atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balio anitzeko hiru gela erabilgarri daude, dagoeneko, Dinamoko eremu berrian. Gainera, "beharren eta sortzen diren dinamiken arabera" joango dira espazioa osatuz. Hala azaldu du Dinamoa kudeatzen duen Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxeak. "Pixkanaka hartuko diogu neurria, geure egin eta dinamika propioa sortzeko. Izan ere, hormak eta ekipamendua egote hutsak ez du eremua osatzen, eta, are gutxiago, soinuaren izaera immaterial aldakorra eta iheskorra kontuan hartuta".

Lehen saiakerak

Hasi dira hainbat sortzaile proiektu berriak eremu horretan gauzatzen. Igor Elortza bertsolaria da horietako bat. Datozen hilabeteetan beste zenbait musika talde ere han ariko direla lanean aurreratu du Bengoetxeak, baita formakuntzarako nahiz sentsibilizaziorako ekintzak antolatuko dituztela ere.

Joan den astean gune berria ezagutzeko bi bisita eskaini zituzten Azpeitiko Udaleko eta Kulturaz kooperatibako kideek: asteartean, hainbat musikarik nahiz sortzailek bisitatu zuten eremua, eta asteazkenean, berriz, nahi zuten herritar guztiek. Orotara, berrogei bat herritar izan ziren bi saioetan, eta udaleko nahiz Kulturaz-eko kideak "gustura" dira proiektuak izan duen harrerarekin. Gainera, "herritarrentzat zabalik dagoen gunea" dela adierazi du Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak: "Soinuarekin zerikusia duen edozein proiektu edo ideia duten herritarrek izango dute eskaera egin eta soinuaren eremua erabiltzeko aukera". Espazio berriak Dinamoko gainerako eremuen izaera berbera izango duela gaineratu du. "Gune guztiak partekatzeko dira, elkar elikatzeko eta kultur ekosistema aberasteko".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.