Klik!

Elikagunea, barrutik

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 6a, 09:09
Elikaguneko lantaldea. (Maialen Etxaniz)

Sukaldeak, janari dendak, harategiak eta dastaketa nahiz heziketa guneak osatzen dute Elikagunea. Proiektua, ordea, denda fisiko bat baino gehiago da. Saltokiaren leihotik begiratuta ikusten ez diren lan ugari egiten dituzte Artxara kooperatibako kideek, eta horiek ikusteko Elikagunera joan da Uztarria, 2022ko azaroko aldizkariaren Klik! argazki-erreportajea osatzeko.

Proiektua eta taldea, handitzen

2018an ireki zituen ateak Azoka Plazako Elikaguneak, Euskal Herriko elikagaien topaguneak. Bertako produktuak sustatzeko, kontsumo eredua eraldatzeko eta lehen sektorea indartzeko helburuz ekin zioten proiektuari, eta hastapenetatik Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatzen du. Urte gutxitan indar handia hartu du: hiru lagunek abiatu zuten bidea, eta gaur egun zazpi kideren artean banatzen dituzte eginbeharrak. Langile bakoitzak ardura zehatza duen arren, denetarik egiten dute guztiek. "Beti dago zeregina", diote.

Sukaldeko lanak

Xabi Izagirre da Elikaguneko sukaldaria, eta askotariko lanak egiten ditu han: cateringak prestatu, ikastaroak eman, ekintza berezietarako menuak egin... Egunerokoan, ordea, prestatutako platerak egitea da haren zeregin nagusia; etxera eramateko jatekoa egitea. Garaiko produktuak erabiliz egiten ditu platerak, lauzpabost proposamen egunero. Goizean goiz hasten da sukaldean lanean, eguerdirako prest egon daitezen. Harrera ona dutela dio Izagirrek.

Hartu-emana, bertatik bertara

Bertako produktuak dira Elikaguneko protagonistak. Euskal Herriko lehengaiekin osatutako elikagaiak, bertan hazitako animalietatik eratorritako produktuak eta zenbait arrain nahiz kontserba aurki daitezke dendan, baita inguruko baserritarren barazkiak ere. Hori dela eta, Elikaguneko kideak une oro egoten dira harremanetan baserritarrekin eta ekoizleekin. Elikaguneak eskaera egiten du, eta ekoizleak materiala dendara eramaten du, sarritan baratzetik jaso berritan.

Ezer falta ez dadin

Elikagunera iritsitako materiala biltegian jasotzen dute normalean, behar bezain pronto saltokira ateratzeko. Hain zuzen, hori da Elikaguneko kideen beste eginbeharretako bat: saltokiko apalak txukun mantentzea, produktuak behar bezala sailkatzea, itxura ona zaintzea, eta, batez ere, apalak betetzea, ezer falta ez dadin. Era berean, produktuen jarraipena egin behar izaten dute horien freskotasuna, itxura, iraungitzea eta abar kontrolatzeko. Gaur egun, Euskal Herriko 130 ekoizle baino gehiagoren produktuak eskaintzen dituzte: garaiko barazkiak, lekaleak soltean, edariak, esnekiak, askotariko ogiak, barazki eta lekale kontserbak...

Haragitegi-urdaitegia eta Enkarguk

Basque Label harategi-urdaitegia da Elikaguneak duen beste berezitasunetako bat. Bertako okela da eskaintzaren ardatza. Agurtzane Odriozolak ondo ezagutzen ditu produktuak, eta mimoz prestatzen ditu harategiko jakiak, tartean, hanburgesak. Beste zereginetako bat da Enkarguk zerbitzuaren bidez egindako eskaerei erantzutea. Bezeroek eskatutako produktuak bildu ostean, Enkargukeko banatzailea horien bila joaten da, etxez etxe banatzeko.

Tailerrak ikasteko, dastaketak gozatzeko

Salmentaz gain, elikagaiei balioa emateko ekintzak antolatzen dituzte, Elikaguneko sukaldeak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Besteak beste, sukaldaritza ikastaroak, produktuen aurkezpenak, dastaketak edota hitzaldiak egiten dituzte Azoka Plazan, gehienetan beste eragile hainbatekin elkarlanean.

Banaketa, sukaldeetaraino

Ekoizleek saltokira eramandako produktu guztiak ez dira saltzeko; horietako asko herriko jangela kolektiboetara bideratzen dituzte. Elikaguneko kideak arduratzen dira elikagaiak zuzenean jangeletako eta jatetxeetako sukaldeetara eramateaz, ekoizleekin elkarlana bultzatuz, irabazi asmorik gabeko kudeaketa eginez, eskaerak eta banaketak zentralizatuz eta elikagaien banaketa antolatuz. Uztaro haur eskola, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, San Martin egoitza eta Sanagustin kulturgunea dira erabiltzaileetako batzuk.