40. Euskal Antzerki Topaketak

Euskal Antzerki Topaketen orrialdea sortu dute Wikipedian

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 17a, 11:53
'Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak' orrialdea, Wikipedian.

Euskal Antzerki Topaketek 40. aldia dutela eta, egitasmo horren inguruko orrialdea sortu dute Wikipedia entziklopedia askean: Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak izenekoa, hain zuzen ere. Urteotan Topaketen bueltan sortu den informazioa bildu dute han.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40. aldia dute aurten, eta horren harira, Kulturaz kooperatibaren eta Azpeitiko Udalaren ekimenez, egitasmo horren inguruko orrialdea sortu dute Wikipedia entziklopedia askean: Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak izenekoa, hain zuzen ere. Urteotan Topaketen bueltan sortu den informazioa biltzea, ordenatzea eta digitalizatzea izan da proiektuaren helburua. 

Alaitz Olaizola antzerkigile azpeitiarra aritu da dokumentazio lana egiten, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Haren arabera, Azpeitiko Udaleko artxiboa izan da orrialdea garatzeko baliatu duten oinarri nagusia: "Artxiboan Antzerki Topaketei buruzko informazio ugari dago, urtez urte sailkatuta". 

Hasieran, udaleko artxiboan zegoen informazio guztia iruditu zitzaion "interesgarria" Olaizolari, baina Wikipediara eramateko aukeraketa egin beharra zegoela ondorioztatu zuen. "Esku programak, edizio bakoitzean parte hartu duten taldeen zerrenda, sarituen izenena, kartelen egileena... Oso gauza zehatzak baliatu ditugu Wikipediarako", esan du. Olaizolak bildu eta ordenatu du material hori, eta Edurne Agirre Euskal Wikilarien Elkarteko kidea arduratu da horri Wikipedian artikulu forma emateaz eta atalka antolatzeaz.

Olaizolaren arabera, dena ezin da jaso, baina gutxienez, "Topaketen esentzia" digitalizatuta gelditu da. "Gure herriko antzerkiaren historia jasota gelditu da. Oso garrantzitsua da lan hori egin izana. Orain hor dago informazioa, ordenatuta, nahi duenak balia dezan. Askotan esaten da, baina nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar da".