40. Euskal Antzerki Topaketak

Nola biziberritu gaixo dagoena

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 17a, 11:42
'Intxaurra' obraren sormen prozesuko une bat, Soreasu antzokian. (Kulturaz)

Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka jaso duen Intxaurra obrak bihar ikusiko du argia, 19:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Terexa eta haren intxaurrondoa dira istorioaren muina. Asteburu honetan amaituko dira Euskal Antzerki Topaketak.

Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren barruan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute, eta Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki taldeak eskuratu du laguntza hori. Horren emaitza da ondu berri duten Intxaurra antzezlana; bihar estreinatuko dute Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, 19:00etan, Soreasu antzokian. Ainara Ribera, Gaizka Sarasola, Iban Garro, Josune Etxepare, Juanen Saralegi eta Ritxi Abril ariko dira aktore lanetan, Manex Fuchsen zuzendaritzapean.

Sarasola testuaren egile eta aktoreak azaldu ditu antzezlanaren nondik norakoak. Haren arabera, aurretik bazituzten buruan landu nahi zituzten pare bat ideia, eta bekaren deialdia ikustean, horietako bat hara aurkezteko egokia izan zitekeela pentsatu zuten. Guztira, bederatzi egitasmo aurkeztu zituzten deialdira, eta Mairu antzerki taldearena izan zen aukeratua. "Sorpresaz eta pozez hartu genuen berria. Egia esan, ez genuen pentsatzen beka guk jasoko genuenik. Bederatzi lan dezente dira, eta zaila da horien artean aukeratua izatea", adierazi du Sarasolak.

Arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzea da bekaren helburua, eta gai hori jorratzeko, "arnasa" hartu dute ardatz gisa Mairu taldekoek. "Arnasa, arnasa hartu ezina, gaixotasuna... landu ditugu. Biziberritzearen inguruan aritu gara. Arnasgunea, gure kasuan, euskara da, baina munduan badira beste arnasgune batzuk: natura, belardiak... Horregatik erabaki dugu intxaurrondo bat baliatzea antzezlanerako. Horrez gain, herri txikien ezaugarriak, arazoak... ere landu ditugu".

Gai horiek jendeari helarazteko, kontakizun bat osatu dute. Terexa izena du antzezlaneko protagonistak, eta hura eta haren etxeko intxaurrondoa gaixorik daude. "Terexak intxaurrondoa biziberritu nahi du, sendatu egin nahi du. Eta horretan datza trama gehiena; biziberritzearen kontzeptua ageri da. Terexarekin batera, beste bi pertsonaia agertuko dira: bata aspaldiko lagun bat, kanpoan zena eta bueltatu dena; eta tarteka bisitatzen duen medikua bestea. Dena den, sukarraldi eldarnioetan iraganeko hiru mamu agertzen zaizkio, eta mamu horiekin bere istorioa kontatzen du, nolabait ere", adierazi du Sarasolak.

Antzerki taldea Lesakakoa dela kontuan izanda, mugaren kontzeptua ere jorratu nahi izan dute obran. "Gure eskualdea mugan dago Iparraldearekin, EAErekin... Mendi buelta bat egitera joan eta hiru administrazio ezberdinetako lurraldeak zapaltzen ditugu. Aldi berean, euskaraz hitz egin ahal dugu inguruotan, baina egoera administratiboak badu euskararen erabileran eragina... Hori horrela, mugaren kontzeptua ere baliatu dugu; garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun". 

Sormen prozesua Azpeitian

Bekaren irabazleak zirela jakin ostean, urte hasierarako antzezlanaren testua aurkeztu behar izan zuten Mairu taldekoek, eta ondoren, pixkanaka, gorputza hartzen joan zen testu idatzia. Abuztuan Azpeitian izan ziren, gainera; sormen egonaldia egin zuten Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen gunean, eta emanaldia izango zenari forma eman zioten orduan.

Behin obrari forma emanda, jendearen aurrean aurkezteko garaia iritsi da orain. Aurrez sekula ez dira izan Mairu taldekoak Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, eta estreinaldirako gogoz daude. "Urteak daramatzagu antzerkia egiten, baina Azpeitira ez ginen orain arte iritsi. Alde horretatik, pozik gaude, horrelako jaialdi batean parte hartu ahal izango dugulako", esan du Sarasolak. Azpeitikoaren ostean, beste hainbat herritako oholtzak zapalduko dituzte: Baztanen (Nafarroa), Markina-Xemeinen (Bizkaia), Lesakan (Nafarroa), Aramaion (Gipuzkoa), Abaltzisketan (Gipuzkoa) eta Oñatin (Gipuzkoa) ariko dira, esaterako.

Mairuko kideari garrantzitsua iruditzen zaio Arnasguneak bezalako beka deialdiak sustatzea. "Uste dut euskarari bultzada guztiek egiten diotela on. Lesaka ere arnasgunea da, Ueman baitago, baina arazoak sortu ohi dira euskarari dagokionez, transmisioaren bueltan... Umeak, gazteak zein helduak euskara gutxiago erabiltzera bultzatzen dituzten faktore ugari daude, eta ondorioz, uste dut horrelako deialdi guztiak beti direla ongi etorriak". 
Bekari esker, 23.000 euroko dirulaguntza jaso du Mairu taldeak, eta Sarasolak azaldu duenez, "duintasuna eta lasaitasuna" eman dizkio horrek taldeari lan egiterakoan. 

Erlazionatuak