Osakidetzaren eta Azpeitiko anbulatorioaren egoera izan dute hizpide Sanagustinen

Osasun publikoaren inguruan atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean egindako hitzaldiaren irudi bat. (Baigera)

Baigerak antolatuta, solasaldia egin zuten atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, eta Osakidetzan izan diren aldaketen nahiz bestelako hainbat daturen berri eman zuten bertan ELAko eta LABeko ordezkariek. Hainbat herritarrek parte hartu zuten saioan.

Azpeitiko anbulatorioko egoera gai hartuta, osasun publikoaren, eta zehazki, Osakidetzaren egoeraren inguruko saioa izan zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Baigera jubilatuen elkarteak antolatu zuen saioa, eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten bertan. Hainbat herritar joan ziren solasaldia entzutera.

Laxaro Azkunek egin zuen hitzaldiaren sarrera Baigeraren izenean, eta elkarteak gai horren inguruan egindako urratsak azaldu zituen hark saioan: Azpeitiko Udalean sartutako mozioa, anbulatorioko langileei babesa emateko egin zuten kontzentrazioa... Ondoren, Osakidetzan izan diren murrizketak izan zituzten hizpide LABeko ordezkariek, eta Azpeitiko anbulatorioko langileen egoeraren berri eman zuten ELAkoek. Horrez gain, lehen arretaren egoeraz nahiz herri batzuetan sortu diren plataformez ere aritu ziren solasean bi sindikatuetako ordezkariak.

Bestalde, etzi, zapatua, soldata eta pentsio duinen alde Donostiako Alderdi Ederren hasita egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Baigeratik. 17:30ean hasiko da mobilizazazioa, Aberastasuna banatu lelopean.