Piktogramak jarri dituzte udal eraikinetan, aniztasun funtzionala dutenen ulermenerako

Maialen Etxaniz - Ihintza Elustondo 2022ko aza. 17a, 09:10

Marea Urdinaren eta Azpeitiko Udalaren ekimenez, piktogramak jarri dituzte herriko bost eraikin publikotan. Hitzezko hizkuntza ulertu ezin dutenak guneak zertarako diren interpretatzeko gai izatea da helburua. Egitasmoa espazio gehiagotara zabaltzeko asmoa dute.

Marea Urdinaren eskariari erantzunez, piktogramak jarri ditu Azpeitiko Udalak herriko hainbat eraikin publikotan. Autismoa nahiz aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa bultzatzeko helburuarekin garatu dute proiektua. Izan ere, Louise Desiree Florindo Marea Urdinako kideak azaldu duenez, pertsona horietako asko ezin dira komunikatu hitzezko hizkuntzaren bidez, baina bai seinaleen bidez, eta komunikazio hori ahalbidetzen duten irudiak dira piktogramak. Horregatik jarri dituzte seinale horiek udal eraikinetan, hitzezko hizkuntza ulertzen ez dutenak eraikinak zertarako diren interpretatzeko gai izan daitezen. Horretarako, Arasaac elkarteak sortutako irudiak baliatu dituzte erreferentzia gisa. Proiektua aurkezteko agerraldian nabarmendu dutenez, Azpeitia da Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan udal eraikinetan piktogramak jarri dituen lehen herria. 

Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu duenez, Marea Urdina sortu zenetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen "bizi kalitatea hobetzeko" hainbat proiektu gauzatu ditu udalak; besteak beste, barraketako musikaren ordutegia moldatu, aniztasun txartela sortu edo aisialdiko ekintzetan ordutegi bereziak ezarri dituzte. Bide horretan, beste pauso bat da piktogramen proiektua. Momentuz, bost udal eraikinetan jarri dituzte seinaleak: udaletxean, igerilekuan, parke estalian, Emakumeen Txokoan eta Basazabalen, baina egitasmoa espazio gehiagotara zabaltzea da asmoa: "Beste zenbait udal eraikinetan ere piktogramak jartzea da gure nahia, eta hurrengo fasea izango litzateke udalarenak ez diren eraikinen arduradunak ere haietan piktogramak jar ditzaten gonbidatzea, baita herriko saltokien eta tabernen jabeak ere". Era berean, itsuentzako seinalizazio berezia eta piktogramak jarri dituzte igerilekuko eraikin osoan.

Aritz Orbegozo Marea Urdinako kideak gogorarazi duenez, 2019an sortu zuten elkartea, herritarren inklusioaren alde lan egiteko. Bide horretan, irisgarritasuna inklusiorako "giltzarria" iruditzen zaio. "Irisgarritasun fisikoaz gain, oso garrantzitsua da irisgarritasun kognitiboa bultzatzea ere, eta hori ahalbidetzen du piktogramen erabilerak. Hizkuntza ulertzeko gaitasunik ez dutenek gauza abstraktuei izena emateko balio dute piktogramek; kasu honetan, herriko eraikinei izena jartzeko. Helburua da herria edozein biztanlerentzat ulergarri izatea".

Marea Urdinako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, Basazabalen jarri dituzten piktogramen parean. (Ihintza Elustondo)