'Euskara arnas' seriea osatuko du UKTk Euskaraldiak irauten duen bitartean

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 18:32

Euskaraldiaren bueltan eta egitasmoak irauten duen bitartean, hainbat erreportaje eta bideo elkarrizketa argitaratuko du komunikazio taldeak. Eskualdeko 11 herrietako euskaldunberri banarekin elkartuko da UKT, besteak beste, euskarak beraien egunerokotasunean duen pisuaren berri izateko, hizkuntza noiz eta zergatik hasi ziren ezagutzeko edo euskara nola bizi duten jakiteko. Erreportajeetan, aldiz, euskararekin lotutako hainbat gai landuko du UKTk. 

Ostiralean hasiko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta abenduaren 2an amaituko da. Horren bueltan, Urolako Komunikazio Taldeak erreportaje eta bideo elkarrizketak argitaratuko ditu egitasmoak irauten duen bitartean. Hain zuzen ere, askotariko edukiak kaleratuko ditu UKTk 'Euskara arnas' seriearen barruan.

Bideoei dagokienez, eskualdeko 11 herrietako euskaldunberri banarekin elkartuko da UKT, besteak beste, euskarak beraien egunerokotasunean duen pisuaren berri izateko, hizkuntza noiz eta zergatik hasi ziren ezagutzeko edo euskara nola bizi duten jakiteko. 

Erreportajeen kasuan, berriz, euskararekin lotutako hainbat gai landuko du UKTk; tartean, landa eremuetara euskara ikastera joan direnen esperientzia, eskualdeko euskara elkarteen egoera nahiz turismoak euskararengan duen eragina jasoko ditu. Egunero ikusi nahiz irakurri ahal izango dira edukiak Urola Kostako Hitza egunkarian nahiz UKTren webguneetan.