Idazketa-politika binomioa, Pako Aristiren 'Idazki politikoak' liburuan

Xabier Monasterio eta Pako Aristi liburua aurkezten, atzo, Iruñeko Karrikirin. (Karrikiri)

Pako Aristik Idazki politikoak liburua kaleratu du, Herrime argitaletxearekin. Lan horretan, Berria egunkarian 2012-2020 bitartean idatzi dituen artikuluen antologia egin du idazleak. Besteak beste, idazleek politikaz idazteak dauzkan arriskuez hausnartu du argitalpenean.

Pako Aristik Idazki politikoak liburua aurkeztu zuen atzo, asteartea, Iruñeko Karrikiri elkartean. Lan horretan, Aristik Berria egunkarian 2012-2020 bitartean idatzi dituen artikuluen antologia osatu du, eta liburuaren atarikoan Xabier Monasteriok dioen bezala, "oraingo egoera gainditzen laguntzeko ehunka ideia eta pentsamendu" daude jasota han. Herrime argitaletxeak kaleratu du liburua, eta Aristik eta Monasteriok eman zituzten haren gaineko azalpenak atzoko aurkezpenean.

Honela azaldu ditu liburuaren nondik norakoak Herrime argitaletxeak: "Aristik 18 urterekin deskubritu zuen idazleek politikaz ere idatz zezaketela, idazten zutela, eta orduan jakin zuen politikaz idazteak dauzkan arriskuen berri. Euskal kulturan ere tabu baten gisa funtzionatu du binomio horrek: politika gai delikatua dela esan zaigu, hobe dela askorik ez bustitzea, gai deserosoetatik ihes egitea. Uste honek ere funtzionatu du: politika politikariei utzi behar zaiela, baina Aristik eta haren gisako batzuek heldu diote gaiari, eta ahots ezberdinak eta iritzi sakonagoak plazaratu dituzte. Eta salatu dute politikaz ez idaztea ere hautu politikoa dela".