Ingurumen Jardunaldien barruan, berezko basoen ekarpenaz aritu da Joserra Diez

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 16a, 08:39
Hainbat lagun bertaratu da hitzaldira. (Urola Bizirik)

Urola Bizirik taldea Ingurumen Jardunaldiak egiten ari da egunotan, Naturak zaintzen gaitu lelopean. Egitasmo horren barruan, hitzaldia eman du Joserra Diez Biologian doktoreak. Uraren, lurraldearen, klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruko hainbat proiektu gauzatu ditu hark, eta solasaldian gai horiek izan ditu hizpide.

Urola Bizirik taldearen III. Ingurumen Jardunaldien barruan, Berezko basoen ekarpena hitzaldia eman zuen Joserra Diez Biologian doktoreak atzo, asteartea, 19:00etan hasita, Baigerako aretoan. Naturak zaintzen gaitu lelopean egiten ari diren jardunaldien barruko hirugarren hitzaldia izan zen atzokoa. Diezek zein Estibaliz Sarrionandiak Azpeitiko ingurune naturalen katalogoa ondu zuten 2005ean. Uraren, lurraldearen, klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruko hainbat proiektutan parte hartu izan du Diezek, eta Azpeitiko hitzaldian ere gai horiek izan zituen hizpide, Ibai Eder urtegiari aipamen berezia eginez.

Bihar, osteguna, izango da jardunaldien barruko azken saioa; Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean. Gure faunari eta florari begira: ornodunak liburua oinarri hartuta arituko dira hizlariak solasean, euskal gizarteak naturarekin izan duen harremanak utzitako ahozko ondarearen inguruan; besteak beste, kondairak edota sinesmenak jorratuko dituzte.

Joserra Diez, solasaldiaren une batean. (Urola Bizirik)