Pantailak, kezken ispilu

Julene Frantzesena 2022ko abe. 1a, 09:51
(Argazkiak: Unsplash)

Ikasleen ikus-entzunezko kontsumoari buruzko ikerketa egin du Uemak udalerri euskaldunetan, tartean Azpeitian. Ikasle hainbatek bete dituzte inkestak, eta eragileek zituzten kezkak berretsi dituzte horien emaitzek: erdarak dira nagusi ikus-entzunezko eskaintzan eta kontsumoan, euskararen kaltetan. Kontzientziazioan eragiteko eta ardurak hartzeko beharra azpimarratu dute Uemak eta herriko ikastetxeek.

Ikus-entzunezko kontsumoari buruzko kezka ez da gaur goizekoa; gaia agendaren lehen lerroan kokatu da azken urteetan. Izan ere, zer kontsumitzen dute haurrek eta nerabeek telebistan? Zer sare sozialetan? Zein da ikus-entzunezkoen hizkuntza nagusia? Eta zein da horietan euskarak duen presentzia? Zer egin daiteke euskarazko edukien kontsumoa areagotzeko? Eta norena da hori sustatzearen ardura? Kezka horietatik guztietatik abiatuta, ikus-entzunezko kontsumoari buruzko ikerketa bat gauzatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) udalerri euskaldunetan. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko ikasleek, hau da, 10 eta 18 urte bitartekoek, galdetegiak bete dituzte ikastetxeen bidez, eta Azpeitia da azterlana egin duten herrietako bat.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Iraurgi Ikastetxeko nahiz Urola Ikastola BHIko ikasleek erantzun dituzte inkestak; Lehen Hezkuntzan baliozko 331 galdetegi jaso dituzte, eta DBHn zein Batxilergoan, 730. Batetik, ikasleek beren hizkuntza ezaugarriei buruzko galderak erantzun dituzte, eta bestetik, ikus-entzunezko kontsumoaren ingurukoak. Izan ere, Goizane Arana Uemako teknikariak azaldu duenez, ikastetxe askotan sortu du kezka haurren hizkuntza ohiturak aldatzen ari direla ikusteak eta horiek gaztelaniaz hitz egiten gero eta lehenago entzuteak: "Hainbat faktore ari dira eragiten ohitura horietan, eta tartean daude ikus-entzunezkoak". Hark azaldu duenez, errealitatea datuen bidez aztertu nahi zuten, analisi "sakonagoa" egiteko.

Azpeitiko ikasleen hizkuntza profilari erreparatuta, euskara da horiek egunerokoan alde nabarmenez gehien erabiltzen duten hizkuntza. Udalerri euskaldunetan egin dute azterlana, eta beraz, azterketa egin duten herritar multzoaren hizkuntza nagusia euskara da. Dena den, Aranak azaldu duenez, azterketan bildutako datuak ez dira Euskal Herri osora hedatzeko modukoak; izan ere, haren arabera, "bestelako egoera batean" bizi dira Euskal Herriko euskaldun gehienak. Hala ere, udalerri euskaldunetan ere hedatzen ari den "bi hizkuntzen fenomenoan" jarri du arreta: "Kontuan izan behar da udalerri euskaldunetan aldaketa handiak izan dituela biztanleriak. Gurasoen profila aldatu egin da, eta horrek hizkuntzaren transmisioan eragin ditu aldaketak; bikote elebidunak ugaritu egin dira, baita euskara bigarren hizkuntza duten gurasoak ere. Halakoetan, bi hizkuntzak transmititzeko joera ikusten da, eta ikus-entzunezkoen eragina ere hor dago, etxean euskaraz hitz egin arren, pantailetan erdara delako nagusi eta haurrek hori erreproduzitzen dutelako".

Hizkuntza profila eta kontsumoa

Hizkuntza profila eta ikus-entzunezko kontsumoa aztertu ditu Uemak ikerketarekin, eta bi horien artean aldeak badirela ondorioztatu ahal izan dute. Izan ere, ahozko erabileran euskara da haurren eta nerabeen hizkuntza nagusia, baina pantailetan erdara. Badira, ordea, ñabardurak, Aranak adierazi duenez: "Euskara eguneroko hizkuntza nagusia duten ikasleek gehiago jotzen dute euskarazko edukietara. Alde horretatik, esan daiteke badagoela eguneroko jardunaren eta pantailen arteko lotura bat. Horrek ez du esan nahi, baina, egunerokoa euskaraz egiten dutenek pantailan ez dutenik erdarara jotzen". Kontsumoaz haratago, ikus-entzunezkoen eskaintzari erreparatu behar zaiola uste du. "Gazteek telesailak ikusi nahi dituztenean edo bideojokoetan ibili nahi dutenean, erdarara jo beharra daukate, euskaraz ez dagoelako eskaintzarik".

Kontsumo datuetara jota, bada aldea Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean: Azpeitiko ikasleek betetako inkestetan adierazi dutenez, bietan ETB1 da gehien kontsumitzen duten telebista katea. Aranak dioenez, "seinale ontzat" hartu behar da datu hori, baina zehaztapen bat egin du, joerari erreparatuta. "Euskaraz egiten duten etxeetan da ETB1en audientzia handiena, baina badago salbuespen bat: Go!azen telesaila. Izan ere, telesail horrek lortzen du beste profil bateko ikasleak ere erakartzea. LHko ikasleen artean Clan da bigarren kate ikusiena, marrazki bizidunak erdaraz eskaintzen dituena, eta euskaraz bere parekoa izan daitekeenari, ETB3ri, alde handia ateratzen dio". Gogoetarako datua iruditzen zaio hori. "Umeentzat zer-nolako eskaintza dugun, gaur egungo eskaintza erakargarria ote den, Nafarroako haurrek ETB3 ikusteko dituzten zailtasunak... Hutsunea agerikoa da, eta eskoletan nabaritu egiten da joera: zein marrazki bizidun diren umeen erreferentzia, zein imitatzen ari diren lagunartean...".

DBHko eta Batxilergoko ikasleek, berriz, Espainiako hainbat kate kontsumitzen dituzte gehien, ETB1 eta gero, eta Aranak uste du eskaintza dela horren gakoa ere. "16 urteko gaztetxo batentzat zer eskaintza daukagu? Kantitatean ezin gara lehiatu, erdarazko eskaintza beti izango delako handiagoa eta zabalagoa, baina horrek ez gintuzke paralisira eraman beharko. Galdera bat dago oinarrian: herri gisa, hizkuntza komunitate gisa, zein izango dira gure apustuak ikus-entzunezkoen eremuan?".

Adinak ere badu eragina ikus-entzunezko kontsumoaren hizkuntza hautuan. Joera honako hau da, Aranaren arabera: "Adinean gora joan bezala, handiagoa da erdarazko kontsumoa". Hori ez dela harritzekoa adierazi du hark, haur eta nerabe ez diren herritarren kontsumoan arreta jarrita. "Nolakoa da 25 urtekoen kontsumoa? Eta 50 urtekoena? Euskararen biziberritzean, askotan izan dugu fokua umeengan jartzeko joera, eta ikus-entzunezkoetan ere halako zerbait egin dugu: umeetan egin dugu ahalegina, baina haiek hazten doazen eran, txikiagotuz doa eskaintza".

Plataformen eta sareen garaia

Azken urteetan goitik behera ari da aldatzen ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eredua, eta horretan berebiziko eragina izan dute plataforma digitalen sorrerak nahiz sare sozialen ugaritzeak; telebista ikus-entzunezkoen ardatza izatetik bigarren mailara igaro da. Ikus-entzunezko eduki gehiago dago orain, baina Aranak azaldu duenez, batez ere erdarazko eskaintza da hazi dena. "Itsaso horretan, proportzioan, gero eta txikiago ageri da euskara. Youtuben, adibidez, antzeko zerbait gertatu da: eduki mordoa dago, askotariko ikus-entzunezkoak bilatzen dituzte hor ikasleek, baina erdarazko eskaintza da ugariena eta ikusle gehien dituena; euskara apenas ageri da".

Euskara-gaztelania dikotomiatik haratago, ikasleen kopuru handi bat gai da gaur egun telesailak ingelesez edo beste hizkuntza batean ikusteko, eta horrek beste testuinguru bat sortu duela azpimarratu du Uemako kideak. "Erronka ez da euskara ala gaztelania, hizkuntza gehiago baitaude tartean. Eskaintzari erreparatzea iruditzen zait garrantzitsua. Eskaintzak asko baldintzatzen du kontsumoa, eta horretan badago zer egina; euskarazko telesailak behar ditugu".

Sare sozial bakoitzak, gainera, bere ezaugarriak ditu, eta horiek erabiltzen dituzten ikasleen ezaugarriak ere desberdinak dira. Adibidez, Batxilergokoak gehiago ibiltzen dira Instagramen, eta LHkoak zein DBHkoak, berriz, Tiktoken. "Horrek berak ondorioak ditu, eta gainera, sare sozial bakoitzaren ezaugarriei erreparatu behar zaie. Izan ere, Instagramen ingurukoekin dituzte harremanak ikasleek, eta Tiktoken, berriz, zabalagoa da ikuspegia. Horrek aldaketa eragiten du hizkuntza hautuan".

Sare sozialetako euskarazko erreferenteen falta nabarmena da, eta horrek eragina du gaztetxoek sortzen dituzten edukietan, Aranak azaldu duenez. "Nire erreferenteek erdaraz egiten badute, ez badut euskarazko erreferenterik, nolatan hasiko naiz ni euskaraz? Bi aldetatik eragin behar da horretan: batetik, euskaraz ari diren erreferenteak ikusarazi behar dira –gaur egun sare sozialetan aritzen dira euskaldunak euskaraz–; bestetik, erreferenteak sortu behar dira". Azpeitia gisako arnasguneak horretarako "leku aproposa" direla uste du: "Euskaraz oso gaitasun egokia dute gaztetxo askok, bizitasuna dute ahozkotasunean, euskara dute eguneroko hizkuntza... Kontzientziazioan eragin behar dugu: Azpeitia euskaraz ulertzen badugu, euskalduntasuna azpeitiartasunarekin lotzen badugu, ez diezaiogun azpeitiar izateari utzi sare sozialetan".

Erreferenteei lotuta, kontzientziazioan eragitea euskalgintzan aritzen diren eragileen ardura dela uste du Uemako kideak, eta Uemaren ardatz nagusietako bat horixe dela azaldu du. Dena den, ardurak eta protagonismoa ez direla nahasi behar zehaztu du. "Askotan, gazteei buruz helduon ikuspegitik hitz egiteko joera daukagu, gazteei zer egin behar duten esateko joera. Gazteei eman behar diegu protagonismoa, lan egin behar dugu haiekin, baina gurasokeriarik gabe".

Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza bultzatzeko eskatzen ari diren eragileak gero eta gehiago dira, eta gaia hasi da gizartean lekua hartzen. Horren bultzatzaile nagusia Pantailak Euskaraz taldea izan dela uste du Aranak; izan ere, Uemaren ikerketak talde horrek ohartarazitakoa berretsi duela azaldu du. "Pantailak Euskarazekin egin dugu ikerketaren emaitzak aurkezteko saio bat, baita Eusko Jaurlaritzarekin ere. Erronka handia da ikus-entzunezkoen arloan daukaguna, eta erronka horri elkarlanean erantzun behar diogu derrigor".

Susmoak berretsita

Ikerketaren emaitzak ikusita, lan hori egiterako zituzten susmoak "berretsi" egin direla azaldu dute Azpeitiko ikastetxe guztietako ordezkariek. Urola Ikastolako kideak ez dituzte "ustekabean" harrapatu ikus-entzunezkoen kontsumo datuek. "LHtik DBHra igarotzen direnean, aldatu egiten da ikasleek telebistan kontsumitzen duten edukia; adin tarte horretan nabarmen jotzen dute gaztelaniazko edukietara. Eta mugikorra eskuratu orduko TikToken pasatzen dituzte orduak gaztelaniazko bideoak ikusten".

Haratago joan dira Iraurgi Ikastetxeko kideak emaitzak "baikorregiak" ez ote diren aipatuta. Izan ere, azken urteetan euskararen erabilerak eta euskal kulturaren kontsumoak behera egin dutela azpimarratu dute haiek. Hala diote Karmelo Etxegaraikoek ere: "Ikasleen erreferenteak, informazio iturriak, aisialdi moduak, hizkuntza erabilerak... abiadura bizian ari dira aldatzen".

Gai horrekiko "kezka" agertu dute Iraurgiko kideek ere. Hala azaldu dute Ikasberriko ordezkariek: "Gazteek gaur egun kontsumitzen dituzten ikus-entzunezkoen ehuneko handi bat erdal hizkuntzetan egina da. Horren ondorioak agerian geratzen hasi dira dagoeneko, gero eta ohikoagoa baita gazteek aisialdi uneetan erdarara jotzea".

Gizartea "gaiaren larritasunaz" ez dela ohartu uste dute Iraurgi Ikastetxeko ordezkariek, eta horiek gehien kezkatzen dituena zera da: "Gazteek gero eta gehiago jotzen dute gaztelaniara, eta datozen urteetan egoera ez da hobetuko, larritu baizik. Ikus-entzunezko kontsumoa eta beren erreferenteak gaztelaniazkoak dira, eta euskarak ez du ia presentziarik. Gazteentzat bertako komunikabideak ez dira erakargarriak, eta horiek indartu behar ditugu".

Kezka "orokorra" dela adierazi dute Karmelo Etxegaraiko kideek, ikastetxeak, eragileak nahiz udala aipatuta. Pantailetatik iristen den guztiari aurre egitea ez dela "erronka makala" azaldu dute haiek. "Gaiaz hausnarketa kolektiboa egin behar genuke, erabaki komunak hartu eta eragile bakoitzari dagozkion ardurak eskatu. Izan ere, instituzioek beren erantzukizuna dute; ETB1en egoera, tokiko aldizkariei eta telebistei emandako dirulaguntza eskasak... Eta familiek ere badute erantzukizuna, askok eta askok haurrek beste hizkuntza batzuk ikas ditzaten erdarazko pantailen erabilera sistematikoa bultzatzen dutelako. Bestalde, ikastetxeok ere badugu ardura".

Kontsumoan aldaketa egiteko ikastetxeek duten ahalmena "mugatua" dela uste dute Urola Ikastolakoek. Dena den, ikastetxeak hainbat gauza egin ditzakeela adierazi dute. "Ikasleei euskarazko ikus-entzunezkoetan ateratzen diren berrikuntzak jakinarazi, euskarazko edukia duten plataformetarako bideak erakutsi edota ikasleengan eragin dezaketen gonbidatuak ekarri ikastetxera, pantailaz haratago euskal erreferenteak izan ditzaten". Euskararen erabileraren emaitzak onak diren arren, hausnartu beharra dagoela uste dute. "Inertziaz gara euskaldunak ala hizkuntza hautua egin dugulako? Kontzientzia hartzea falta zaigu".

Egoerari buelta emateko testuingurua da Ikasberri Ikastolako kideak gehien kezkatzen dituena. "Euskararen erabileraren beherakada saihestea lan ikaragarria da gaur-gaurkoz, inguruan ditugun hizkuntza erraldoiek egiten duten presioa handia baita. Presio horri aurre nola egin asmatzea da egoerari buelta ematen hasteko modua". Halaber, ikus-entzunezko produktuen itsasoa "erraldoia" izanik eta euskarak hor bere lekua baldin badu ere, gazteek erdal produktuak "erakargarriago" ikusten dituztela azaldu dute. "Ikuspegi hori aldatzeko prozesua egitea da arduratzen gaituen auzia".