Tokikomek 10 urte

Tokikom: 10 urte, hamaika ahots

10 urte bete ditu Tokikomek, eta urteotako ibilbidea hainbat lekukoren testigantzekin osatu du toki komunikabideen bateraguneak. Izan ere, ikus-entzunezko bat egin dute, hainbat protagonistaren parte hartzearekin.

Euskaltzaleen Topaguneak eta hainbat tokiko hedabidek –tartean Urola Komunikazio Taldea osatzen duten hedabideek– duela 10 urte sortu zuten Tokikom toki komunikabideen bateragunea. Ordutik egindako bidea errepasatzeko helburuz, ikus-entzunezkoa egin dute. Hain zuzen ere, ibilbidearen nondik norakoak ezagutzeko eta Tokikom osatzen duten bazkideen aniztasunari balioa emateko, urte hauetako protagonisten hitzak jaso dituzte bideoan.

Besteak beste, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, Mikel Irizar Tokikomeko lehen lehendakaria, Inazio Arregi Tokikomeko lehen zuzendaria, Josu Azpillaga Codesyntaxeko ingeniaria, Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kidea, Goizeder Anton Guaixeko koordinatzailea, Iban Arregi Hekimeneko lehendakaria, Jone Guenetxea Anbotoko kudeatzailea, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria, Bea Aztiri eta Asier Abrisketa Begituko kazetariak nahiz Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak, Joxe Rojas Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak eta Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakariak parte hartu dute ikus-entzunezkoan.